41. Euskal Antzerki Topaketak

Eskola antzerkiaren astea martxan da Soreasun

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 14a, 11:39

Atzotik ostegunera bitartean, ikastetxeetako eta antzerki eskoletako ikasleek beteko dituzte antzokiko oholtza zein eserlekuak, Azpeitiko gaztetxoen antzerki tailerretakoak tartean direla.

Eskola antzerkiaren astea da hau 41. Euskal Antzerki Topaketen barruan. Atzotik ostiralera, ikastetxeetako eta antzerki eskoletako ikasleek beteko dituzte antzokiko oholtza zein eserlekuak, Azpeitiko gaztetxoen antzerki tailerretakoak tartean direla; atzo, Zoo-logikoa eta Amaieraren hasiera taularatu zituzten Azpeitiko tailerretan dabiltzan gaztetxoek, eta gaur Izua barnetegian eta Filotimo (Pandoraren kutxa).

Atzoko saioan, Errezilgo San Martin herri eskolako ikasleak ere igo ziren Soreasuko oholtzara; gaurkoan, aldiz, Azpeitiko antzezle gazteak izango dira protagonista bakarrak. Bihar, berriz, Bermeoko (Bizkaia) Sagrado Corazon ikastetxekoen txanda izango da; eta etzi, Amezketako Zumardi eskolakoena.

Eskola antzerkiari eskainitako astea osatzeko, ostiralean Piztu! EmakumeON energia antzezlana eskainiko du Soreasun Eidabe Antzerkia taldeak, 11:00etan