Euskal kantagintzaren transmisioa bultzatzera dator 'Kantatzen duen herri bat' emanaldia

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 11a, 08:54

Deñe Garcia-Bravo, Gloria Larramendi, Mari Jose Bikendi, Felipe Murillo eta Aitor Larrañaga, egitasmoaren aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurreneko ospakizunen barruan, "festa handi bat" egingo dute abenduaren 3an, Soreasun: Kantatzen duen herri bat emanaldia. Zuzeneko horretan, musika eskolako ikasleez eta irakasleez gain, hainbat musikari ospetsuk parte hartuko dute. Azaroaren 19an, bestalde, Kantuz daramat bizia saioa izango da Sanagustin kulturgunean. Bi ekitaldiek helburu bat dute: euskal kantagintzaren transmisioa bermatzeko bidean urratsak egitea.

Juan Antxieta musika eskolak 40 urte bete ditu aurtean, eta hori ospatzeko, ekitaldi bereziak antolatu dituzte datozen asteetarako. Batetik, Kantatzen duen herri bat izeneko kontzertua izango da abenduaren 3an, eta bestetik, Kantuz daramat bizia saioa azaroaren 19an. Bi ekitaldiek helburu bat izango dute: euskal kantagintzaren transmisioa bermatzeko bidean urratsak egitea.

Atzo, ostirala, egin zuten ekitaldi horien aurkezpena Juan Antxieta musika eskolako eta udaleko ordezkariek Soreasu antzokiaren aurrean. Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendariak azaldu zuen joan den ikasturtean 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat baino gehiago egin zituztela, baina denetan instrumentuek izan zutela protagonismoa. Ahotsaren ekitaldirik ez zuten egin, ordea, eta horri heldu nahi izan diote oraingoan. "Hauek izango dira ahotsari protagonismoa emango dioten ekitaldiak".

Bi ekitaldiren gaineko xehetasunak eman zituzten arren, abenduaren 3ko kontzertuari eman zioten garrantzi berezia. Felipe Murillo musika eskolako irakasle eta ekitaldiko produkzio lanez arduratu denak adierazi zuenez, 40 urteko ibilbidean ahotsak eta abesbatzak leku handia izan dute musika eskolaren barruan: "Indar handia izan duen zerbait da ahotsa". Era berean, denbora zeramaten gai baten inguruan gogoeta egiten: "Ikusten genuen umeek ez zituztela euskal kantak ezagutzen, oso mainstream diren abestietatik harago ez zeukatela ezagutzarik. Orduan, zera pentsatu genuen: '40. urteurrena aitzakia hartuta, zergatik ez ditugu ikasleak euskal musikan erreferente direnekin batera abesten jartzen?'". Ideia horretatik jaio zen Kantatzen duen herri bat jaialdia. "Herri kantaria garela aldarrikatuz eta kantuari indarra emanez, euskal kantagintzaren transmisioan lagundu nahi dugu".

Abenduaren 3an –igandea–, Euskararen Nazioarteko Egunean, 18:00etan izango da emanaldia, Soreasu antzokian. Musika eskolako ikasleek eta irakasleek ez ezik, hainbat musikari ospetsuk ere parte hartuko dute jaialdian: Eñaut Elorrietak, Maixa Lizarribarrek, Imuntzo eta Belokik, Deñe Garcia-Bravok eta Ines Osinagak. Juan Antxieta musika eskolakoek proposamen bat egin diete artista horiei: beraienak diren bi abestiz gain, beren erreferente den euskal kantari baten kantu bat abestuko dute, musika eskolako ikasleen ahotsarekin batera. Musikari lanetan, berriz, Juan Antxietako irakasleak ariko dira. Artista gonbidatuen lanak ez ezik, honako talde hauenak ere entzun ahal izango dira zuzenekoan: Ibil Bedi, Itoiz, Lourdes Iriondo... Garcia-Bravo musikari azpeitiarrak, esaterako, bere azken diskoko bi abesti, Zu eta Oroitzapenak, eta Ibil Bediren Orain bat gara aukeratu ditu.

Garcia-Bravok jaialdian parte hartzea zergatik erabaki duen azaldu zuen: "Protagonista izango diren ume horien lekuan egon naizelako erabaki dut parte hartzea, eta gaur egun aukera daukadalako nire proiektua nire herrian azaltzeko eta nire musika bertan sustatzeko. Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait umeekin euskal musikan edo kulturan dauden zulo horiek tapatzeko lan egitea. Jaialdi honek aukera ematen du euskal kultura gehiago ezagutzeko. Uste dut jaialdi polita izango dela; aberasgarria herriarentzat".

Larramendi ahotsaren arloaz arduratu da Juan Antxieta musika eskolan azken 40 urteotan. Une honetan, hainbat pertsona heldu joaten dira musika eskolara ahotsa lantzera, eta horrez gain, haurren abesbatza dute, 8 eta 12 urte artekoena. "Musika eskolan betidanik egon da abesbatza. Gure abesbatzan denak izan daitezke partaide, ez baitugu aukeraketarik egiten. Partaidetza hori garrantzitsua da, talde lanari ematen diogu balioa, elkartasunean lan egiten dugu. Azken helburua da denok musika eginez gozatzea", adierazi zuen. Abesbatza horretako kide diren 63 umek parte hartuko dute abenduaren 3ko emanaldian.

Transmisioa herrira zabaltzen

Abenduaren 3ko "festa handiaren" aurrekari gisa, euskal kantagintzaren eta kulturaren transmisioaren gaia "herrira zabaltzeko" asmoz, beste ekitaldi bat egingo dute azaroaren 19an, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean. "Ikasleekin egiten ari garen lanketa herrira zabaltzea nahi genuen", adierazi zuen Murillok. Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran izango dira saioaren gidariak, eta transmisioaren inguruko proposamen bat garatuko dute. "Beraien amonak abesten entzun daitezkeen grabazioak dauzkate, eta ardatz hori hartuta eta beraientzat esanguratsuak izan diren euskal kantak oinarri, euskal musikaren bilakaeraren ibilbide bat planteatuko dute, kantaldi bat, gerturatzen dena kantuan jartzeko eta euskal musikaren transmisio eta kate horretaz hitz egiteko".

Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak, bere aldetik, nabarmendu zuen udalaren eta musika eskolaren arteko elkarlanaren emaitza direla bi ekintza horiek, eta bultzatu nahi duten filosofiaren erakusle direla. "Belaunaldi berriei euskal kantuen eta kulturaren oinarria transmititzea dugu helburu".

Abenduaren 3ko kontzerturako sarrerak Kulturaz.eus atarian eskuratu ahal izango dira, asteartetik –azaroak 14– aurrera. Zortzi euro ordaindu beharko dute helduek, eta bost euro 12 urte bitarteko haurrek. Azaroaren 19ko saiorako sarrera, berriz, doakoa izango da.