41. Euskal Antzerki Topaketak

Soreasu, antzerkizaleen haztegi

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 9a, 10:05

Azpeitiko gaztetxoen antzerki tailerretako ikasleak Soreasun entseatzen, astelehenean. (Ihintza Elustondo)

Datorren astelehenetik ostegunera, Azpeitiko, Errezilgo, Amezketako eta Bermeoko haurrak eta gazteak igoko dira oholtzara Euskal Antzerki Topaketen barruko eskola antzerkiaren tartean.

Berrogei ediziotik gora bete dituzte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek, eta edizio horietatik gehienetan, helduen antzerki talde profesionalak zein amateurrak ez ezik, antzerki eskoletan edota ikastetxeetan antzerkia lantzen duten dozenaka haur eta gazte ere igo dira oholtzara, Euskal Herriko txoko askotatik etorritakoak eta herrikoak bertakoak.

Topaketen laugarren aldian, 1986an, estreinatu zuten eskola antzerkiari eskainitako tartea topaketetan, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako egitasmo baten barruan. Harrezkero, kanpoko erakundeen laguntzarekin edo gabe, egun eta talde gehiagorekin edo gutxiagorekin, agertoki batean edo bestean, lau alditan bakarrik egin du huts Azpeitian antzerkizale gazteenei eskainitako plazak: 2001ean eta 2002an, agertoki egoki ezak eraginda; eta pandemiaren urteetan, 2020an eta 2021ean.

Beharrezko plaza

Euskal Antzerki Topaketek urtea joan eta urtea etorri eskola antzerkiari gordetako tartea bera zein hori bultzatzea "garrantzitsuak" dira Alaitz Olaizolarentzat. Hogei urte urruti gabe dira Olaizolak umeei eta gaztetxoei Azpeitian bertan antzerki tailerrak ematen dizkiela, eta "horrenbeste ez, baina mordoxka bat bai" bere ikasleekin topaketen eskola antzerki saioetan parte hartzen hasi zela.

Antzerki eskoletatik eta tailerretatik bai, baina Azpeitiko oholtzatik igarotzen diren ume eta gazte talde "gehienak" ikastetxeetatik etorri ohi direla nabarmendu du azpeitiarrak, eta horrek meritu erantsia dauka haren ustez: "Gure tailerren kasuan, ikasturteak azarotik azarora egiten ditugula esan daiteke, eta hori ez da kasualitatea. Izan ere, azaroan lanean hasita, hurrengo ekaineko ikasturte bukaeran plazaratuko ditugun antzezlanak sortzen eta lantzen ditugu; baina udako oporraldiaren ondoren berriro eusten diogu aurreko ikasturtekoari, obra eta ikasle berberekin, azaroan Euskal Antzerki Topaketetan parte hartzeko, eta hori bukatu ostean ekiten diogu ikasturte berriari. Ikastetxeetan, aldiz, ikasturtea nahiko hasi berria dela harrapatzen ditu Azpeitiko hitzorduak, ikasle berriekin ez ezik, irakasle berriekin ere bai sarri. Horregatik diot ez dela batere erraza batzuetan, hain tarte laburrean, lanak hemen aurkezteko prestatzea".

Zailtasunak zailtasun, eskola antzerkiaren emanaldiak beti betetzen dira, beti daude parte hartzeko prest agertzen diren beste herrietako ikastetxeak. Hori da, Olaizolaren ustez, Azpeitiko hitzorduaren "garrantzia" adierazten duen datuetako bat. "Izan ere, gure umeek ere plazak behar dituzte antzezteko, eta herritik kanpo bada, pentsa". Azpeitian urteetan zehar egon diren umeentzako antzerki eskolek ziurtatua izan dute plaza hori herrian bertan, eta hala izaten jarraitzen dute. Olaizolak, baina, ez du gogoan herritik kanpo Azpeitian egiten denaren pareko eskola antzerkiaren topaketarik egiten denik, haren ikasleek antzeko gonbidapenik ez baitute inoiz jaso izan.

"Gogoz eta gogotsu"

Errezilgo San Martin herri eskolakoak, Bermeoko (Bizkaia) Sagrado Corazon ikastetxekoak eta Amezketako (Gipuzkoa) Zumadi eskolakoak dira, Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak gidatzen dituzten Azpeitiko antzerki tailerretakoez gain, aurten Azpeitian ariko diren aktore gazte-gazteak. Eskola edo tailer bakoitzak bizpahiru antzezlan taularatuko ditu Soreasun, 9 eta 20 urte arteko haurrak eta gazteak ariko dira aktore lanetan, eta ikusleak ere haurrak izango dira, Lehen Hezkuntzakoak guztiak.

Eskolan edo tailerretan bere ikasleak bezala "gogoz eta gogotsu" aritzen direnei beren lana plazaratzeko aukera eskaintzeko ez ezik, eskola umeen artean antzerkizaletasuna sustatzeko tresna dira Azpeitian urtero eskola antzerkiari eskaintzen zaizkion egun horiek. Olaizolak kontatu du ekainean jendaurrean egiten dituzten emanaldien ondoren beti sumatzen dutela "halako boom bat", hurrengo ikasturteko antzerki tailerretarako izena eman nahi dutenak agertzen zaizkie urtero sasoi horretan; aurten, guztira 60 bat gaztetxo ariko dira Dinamoan ematen dituzten antzerki tailerretan lanean.

Etorkizuneko antzerki ikusleak, ikasleak eta aktoreak hezteko "haztegi" dira, finean, eskola antzerkiaren tarteko emanaldiak. "Ez gutxietsi umeen antzerkia", bota du mezua Olaizolak.

Lau antzezlan, gaurtik igandera

Umeek eta gaztetxoek datorren astean Soreasuko oholtza eta eserlekuak hartu aurretik, gaur hasiko da 41. Euskal Antzerki Topaketen bigarren asteburu luzea.

Igandera bitartean, lau antzezlan ikusteko aukera izango da, hiru agertoki desberdinetan. Gaur zortzi, Goazek Salbe, publikoarekin aurtengo edizioa estreinatu zuen toki berean, Dinamoa sormen gunean, aurkeztuko du gaur Giltxikaro taldeak Identitarteakizeneko obra (19:00); Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek eta Aitor Garcia Bikuña Gartxitomusikariak musika eta performancea nahasten dituzte, Lutxo Egiaren testua abiapuntu duen obran.

Bihar ere 19:00etan izango da antzerkiaren ordua, baina Soreasu antzokian. Han, Pez Limbo taldearen Itsas beherataularatuko dute Unai Lopez Armentia eta Javier Barandiaran aktoreek, Espe Lopezen zuzendaritzapean.

Eta Espe Lopez tartean da zapatu eguerdian ikusi ahal izango den Troiakale antzerkian ere, Kamikaz Kolektiboko hirukoarekin –Erika Olaizola azpeitiarra, Amancay Gaztañaga zestoarra eta Iraia Elias zarauztarra– batera baitago zuzendaritza lanetan. Olaizolak, Gaztañagak eta Eliasek Soreasuko plazan emango dute etzi Troia, 12:30ean; hala ere, eguraldia alde ez badute eta antzezlana aire zabalean ematerik ez badute, B plana ere prest dute: Soreasuko plaza ondoan dagoen Dinamoko Gorputzaren Eremuko gelan izango da emanaldia euria ari badu.

Lau eguneko antzerki eskaintza oparoa borobiltzeko, igande arratsaldean Soreasu antzokira itzuliko dira 41. Euskal Antzerki Topaketak. Ados Teatroak Lagun beltz askoobra emango du han, 19:00etan. Garbi Losadaren zuzendaritzapean ariko dira lan horretan Ramon Ibarra, Asier Hormaza eta Asier Sota aktoreak.