Errealitateak, irudiz kontatuta

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 8a, 11:25
Gari Garaialde argazki kazetaria. (Erik Gartzia)

Gari Garaialdek Bidasoako mugan ateratako argazkien erakusketa jarriko du ikusgai Azpeitiko Foru Ibilbideko aretoan, azaroaren 13tik 19ra. "Muga zeharkatu duten emakume migratzaileengan" jarri du begirada.

"Ikusi edo ez, gertatzen ari dena" argazkietan jaso du Gari Garaialde argazki kazetariak. Bostok Photo argazkilari taldeko kidea da Garaialde, eta askotariko gizarte gaietan jarri du arreta azken urteetan, baina bada gertutik ezagutu duen errealitate bat: bertatik bertara ezagutu du Irunera (Gipuzkoa) iritsi eta Ipar Euskal Herrian barrena Frantziarako bidea hartu nahi duten migratzaileen egoera, eta irudietan jaso ditu hainbat pasarte. Argazki horietako batzuk bildu ditu ...eta bidean Irun. Begirada bat bidean doazen emakumeei erakusketan, eta Euskal Herriko hainbat txokotan erakusgai jarri ostean, Azpeitian egingo dute hurrengo geldialdia azaroaren 13tik 19ra. Foru Ibilbideko udal aretoan jarriko du erakusketa Garaialdek, Elkar-ekin taldeak antolatuta.

Azken bost urteetan Irundik igarotzen diren "pertsona migranteen egoera, etorria eta bidea" nahiz Bidasoan sortu den laguntza sarea erretratatzen aritu da Garaialde. Arreta berezia jarri du, ordea, emakume migranteengan. Hori dela eta, Azpeitira ekarriko duen erakusketak bi helburu nagusi dituela nabarmendu du: "Alde batetik, ikusaraztea badaudela emakume migranteak, eta, bestetik, gizarteratzea emakume horiek pertsona bezala ikusi behar ditugula, eta ez pertsona zaurgarri bezala". Garaialderen iritziz, bada orokortuta dagoen uste oker bat: "Pentsatzen dugu migratzaile gehienak gizonak direla; lotzen dugu migrante izatea ausardiarekin eta indarrarekin, baina badaude emakume migranteak ere, gizonak bezala, bakarrik bidaiatzen dutenak, ausartak direnak". Horregatik, orokorra den pertzepzio hori alda dadin nahi du Irungoak. "Emakume migranteak ikustean, beti zaurgarri ikusten ditugu, eta ez dugu hortik haratago begiratzen. Haiek, ordea, badakite zer arrisku dauden, eta arrisku horiek bizitzeko prest zeharkatzen dute muga. Badakite haien aurkako jazarpena berezia izango dela, gizonek jasaten ez dituzten bestelako jazarpenak bizi beharko dituztela, eta hala ere, aurrera egiten dute. Horrekin ez dut esan nahi heroiak direnik, baina bizitza hobe baten bila ari diren pertsona ausartak dira", nabarmendu du. Emakume horietako batzuen argazkiak jarriko ditu ikusgai Foru Ibilbideko aretoan, argazkilariak berak sortutako testu batez lagunduta; Garaialderen hausnarketa da testuaren abiapuntua.

(Argazkia: Gari Garaialde)

Migratzaileenganako sentsibilizazioa kezkatik edo hausnarketatik al datorkion galdetuta, Garaialdek dio bere lanek "bietatik" dutela: "Nire argazki lanetan, kezka, hausnarketa eta elkartasuna uztartzen dira, baita gertatzen ari denaren inguruko jakin-mina eta hori gizarteratzeko nahia ere. Migrazioak kezka ugari eragin izan dizkit, eta asko hausnartu dut gaiaz: zer den migratzaile izatea, zer den migrazioa… Jakin-minetik hasi nintzen gaian arakatzen, eta behin gertatzen ari dena ikusita, auzia mahai gainean jartzeko beharra sentitu nuen, jakin nahi duenak izan dezan non informatu".

Gordintasunaren isla

Migranteen errealitatea argazkiz jasotzea "egiteko oso zaila" dela dio. "Egoera zailean eta gordinean dagoen jendeari argazkiak egitea ez da samurra. Argazki kazetariaren lana oso bortitza da gehienetan. Aurrean ditudan  pertsonek ez badute nahi, ezin diet argazkirik egin. Errespetatu egin behar dut haien iritzia. Beste batzuetan, erretratatzea onartzen dutenetan, nire jarduna oso inbaditzailea ez izateko ahalegina egiten dut. Ikusten direnak eta entzuten direnak ez dira samurrak izaten, baina behin egoerara egindakoan eta jendea ezagututakoan, asko ematen duen lana da", azaldu du. "Asmatzen duzula ikusteak poz ematen du".

Klik egiterakoan "egoerari" begiratzen diola dio Garaialdek: "Alde guztietara begiratzen dut, eta argazkia ikusiko duenak nik sentitu dudana senti dezan saiatzen naiz. Horretarako, migratzaileen errealitateak ahalik eta errealen islatzea dut helburu. Gainera, beti ez dira egoera gordinak izaten, poza eta une gozoak ere egoten dira zenbaitetan".

Bidasoako mugan gertatzen ari denaz jabetu zenean hasi zen Garaialde argazkiak egiten, ondoren erakusketa egingo zuen edo ez pentsatu gabe. "Egoera hura dokumentatzeko beharra sentitu nuen, betirako jasota gelditzeko".

'Bidasoa 2018-2013'

Irungo mugari eta migratzaileen bizipenei lotutako beste proiektu batean ere murgilduta ibili da Garaialde, Fermin Muguruzak zuzendutako Bidasoa 2018-2023 dokumentalean, hain zuzen. Lan horrek utzitako irakaspenez galdetuta, argazkilariak aitortu du proiektuak baino prozesuak utzi diola arrastoa: "Irunen gertatzen ari den guztia dokumentatzeak eman dizkit milaka irakaspen".

Euskal Herriko zinemetan eskaintzen ari dira ikus-entzunezkoa, eta Garaialdek ikustera joateko deia egin du: "Ikusi edo ez, gertatzen ari den gauza bat da. Hemen ari da gertatzen, gure agintariek eta gure gizarteak hartu dituzten erabaki politikoengatik. Gertatzen dena zergatik gertatzen den jakitea garrantzitsua da, egoera iraultzeko".

Bidasoa 2018-2023 dokumentaleko irudi bat.