41. Euskal Antzerki Topaketak

Publikoa, antzezlanaren giltza

Iraia Oteiza 2023ko aza. 1a, 10:01

'Salbe, publikoa' antzezlanaren irudietako bat. (Goaz antzerki taldea)

Erika Olaizolak zuzenduta, Goaz taldearen Salbe, publikoa antzezlanarekin hasiko dira Euskal Antzerki Topaketak. Dinamoan izango da lehen emanaldi hori, bihar, 19:00etan.

"Ikusle maitagarria... Hau irakurtzen ari bazara, zuretzako da gonbidapena. Etorri eta murgildu aktoreon unibertsoan. Modu horretan bakarrik jakingo duzu zergatik zaitugun hain maitea, hain beharrezkoa, hain...". Horrela dio Salbe, publikoa antzezlanaren sinopsiak. Debako (Gipuzkoa) Goaz antzerki taldearen lan berriena da hori, Erika Olaizola azpeitiarraren zuzendaritzapean sortua, eta Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketetan ikusteko aukera izango den lehen antzezlana ere bai.

Josu Iriondo, Amaia Arotzena, Joseba Eskudero, Mattin Urbieta, Irati Baroja eta Pili Litago izango dira Olaizolak zuzendutako Salbe, publikoa antzezlanean parte hartuko duten aktoreak. Bihar ikusi ahal izango da obra Azpeitiko Dinamoa sormen gunean, 19:00etan, eta horrekin irekiko dituzte aurtengo Euskal Antzerki Topaketak.

"Antzerki ibiltaria da, Dinamoaren espazioan barrena egingo dena. Hori horrela, 30 pertsona soilik elkar daitezke Dinamoan, antzezlana alde batetik bestera mugituko delako eta espazioaren edukiera ere kontuan hartu behar izan dugulako", adierazi du Erika Olaizola lanaren zuzendariak. Urteak daramatza hark Goaz antzerki taldean irakasle lanetan, baina azaldu du bera han dabilenetik lehenengo aldiz parte hartuko duela taldeak Azpeitiko Antzerki Topaketetan. "Herri mailako talde txiki bat izanda, ikasturte amaierara begira sortutako antzezlana da, Debako espazio konkretu batean sortutako lana. Ez dago antzoki baterako prestatua, eta Azpeitirako egokitu beharra izan dugu", nabarmendu du zuzendariak. Antzezlan horrek dituen ezaugarriak direla eta, aurrera begira obrak zer ibilbide izango duen zehaztu gabe dute oraindik; "izan ere, helburua ez da antzezlanarekin herriz herri ibiltzea", adierazi du Olaizolak.

"Publikoaren salbatzailea"

Antzezlanaren nondik norakoa "misterio bat" dela esan du zuzendariak, baina publikoa bertaratzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du hark, "ikusleak beharrezkoak izango direlako biharko emanaldia nolabait aurrera ateratzeko".

Bihar taularatuko duten istorioaren aurrerapenik egin gabe, lanaren izenburuak "pista bat" ematen duela dio zuzendariak; hain zuzen, salbe hitza, kasu horretan, desagertzear dagoen publikoa salbatu nahiarekin baitago lotuta. Zuzendariaren hitzetan, "hitz joko bat da, ikusleari garrantzia emateko asmoa duena".

Ez da Olaizola zuzendari lanetan aritzen den lehen aldia. Debako Goaz antzerki taldearen obra gehiago ere zuzendu izan ditu hark aurretik, eta Herriye izeneko lana gidatu zuen iaz Azpeitian, herriko antzerki topaketen 40. urteurrenaren harira sortu baitzuen antzezlana, Xanti Agirrezabalarekin batera. Horrez gain, Kamikaz Kolektiboko antzezlan batzuen zuzendari lanetan ere aritu da, eta telebistan ere bai; tartean, Vikingak saioa gidatu eta aurkeztu du Amancay Gaztañagarekin eta Zuriñe Hidalgorekin batera.

Zuzendaria baino, aktorea gehiago sentitzen dela dio Olaizolak, baina gidari lanetan ere "gustura" aritzen da, proiektu bakoitza "esperientzia berri bat" delako eta bakoitzak "bizipen ezberdinak" eskaintzen dizkiolako. Hala, zuzendari lanetan bakarrik ez, aktore lanetan ere arituko da azpeitiarra antzerki topaketetan, Troia  obrako zuzendaritzan parte hartzeaz gainera, aktore lanak ere egingo dituelako Gaztañagarekin eta Iraia Eliasekin batera.