Animalien erakusketa, pintxoak, entzierroak eta aldarrikapenak Zezen Beltz asteburuaren bigarren egunean

Nerea Uranga 2023ko urr. 15a, 18:50

Jende asko ibili da gaur Zezen Beltz asteburuaren barruan goizez eta arratsaldez egindako ekintzetan. Goizean, animalien erakusketa, oilasko eta txahal saiheski erreen pintxo dastaketa, karretoien entzierroa eta 16 urtetik beherakoentzako animalien ekitaldiak arautzearen aldeko elkarretaratzea egin dituzte. Arratsaldean, berriz, Artzubitik plazara entzierroa egin dute eta zezenak atera dituzte Artzubian.

Zezen Beltz asteburuaren bigarren eta azken eguna izan da gaur Azpeitian, eta goiz eta arratsaldez izan diren ekintzetan jende asko bildu da. Eguerdian, Urdanetako (Aia) baserri bateko animaliak izan dira ikusgai herriko plazan. Horrez gainera, txahal saiheskiaren eta oilasko errearen pintxoak jateko aukera eskaini dute Zezen Beltz elkartekoek Azoka Plazan jarri duten postuan.

Etxe Zuri aurretik herriko plazara artean karretoiekin entzierroa ere egin dute, 12:30ean, eta hainbat haur eta gaztetxo ibili da karretoien aurretik lasterka. Entzierroa bukatutakoan, 16 urtetik beherakoentzako animalien ekitaldiak arautzearen aldeko elkarretaratzea egin dute Zezen Beltz elkarteak deituta, Marrazki eta pantailen garaietan, hezur haragizkoak kalean leloa zeraman pankartarekin.

Arratsaldean, zezenak atera dituzte kalera Zezen Beltz elkartekoek. Aurrena, 17:15ean hasita, Artzubitik herriko plazara entzierroa egin dute. Segidan, zezenean ibiltzeko aukera izan da Artzubian, eta jende asko bildu da bertan jarri dituzten hesien atzean, zezenean zebiltzanen jolasak ikusteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide