Juan Jose Etxeberria: "Aldaketak eta berrikuntzak abiadura izugarrian datoz"

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 14a, 09:05
Juan Jose Etxeberria. (Deustuko Unibertsitatea)

Azpeitiar batek utzi eta beste batek hartu du Deustuko Unibertsitatearen buruzagitza. Ondo ezagutzen duen etxe erraldoia gidatzea dagokio orain Juan Jose Etxeberriari. Udaberrian izendatu zuten, ikasturte berria hasi besterik ez da egin, ardura berrira egokitzen ari da, "ikasten", baina garbi ditu erronkak. Horietaz eta bestetaz aritu da Etxeberria 2023ko urriko Uztarria aldizkariko elkarrizketa honetan.

Ikasturtearen irekiera ekitaldiaren biharamunean hartu du Juan Jose Etxeberriak (Abaltzisketa, Gipuzkoa, 1966) Uztarria, bezperan berritutako "indarrak" hauspotuta. Landetan hazia, Betharram eta Iraurgi ikastetxeetan ikasia, oso gaztetatik izan zuen harremana jesuitekin, eta Loiolan bizi zen dagoeneko Iraurgin ikasten ari zen bitartean. 1984an sartu zen Jesusen Lagundian, eta erakunde horretan ardurak ez zaizkio arrotzak. Horietan berrienari, Deustuko Unibertsitatearen errektoretzari, eutsi dio orain. Deustuko ikasle ohia, Zuzenbide Fakultateko dekanorde, Izaera eta Misioko errektoreorde; Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra eta Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreorde izana da. Azpeititik kanpo urte gehiago egin ditu herrian baino, baina familiarengana eta herriko lagunengana itzultzen da ahal duenetan.

Apirilean izendatu zintuzten errektore eta uztailean izan zen zure kargu hartze ekitaldia. Kargu berrira egokitzen ala dagoeneko martxa hartuta?

Hasieran denbora behar izaten da, kargua pixka bat gehiago ezagutzeko eta. Egia da ni zortzi urtetan izan naizela errektoreorde eta esan daiteke etxea barrutik ezagutzen dudala; pertsonak, kudeaketa eta identitatea izan dira nagusiki jorratu izan ditudan arloak. Baina errektore izateak beste ikuspuntu bat eskatzen du, baita beste lidergo bat ere. Horrek kokatzea eskatzen du. Deustuko errektore lanak jendearekin egotea esan nahi du, eta erakundeekiko harremana ere nahiko zabala da; errektoreorde gisa, horrelako ardurarik ez nuen inoiz izan. Esango nuke oraindik ikasten ari naizela eta asko dudala oraindik ikasteko.

Deusturen zuzendaritza ez zitzaizun arrotza, baina errektoreorde izatetik errektore izaterako jauzi horretan, zein esango zenuke dela alderik handiena?

Gure unibertsitatean ardurak dituztenek, errektoreek edo dekanoek, erabakimen handia dute, beraiek gidatzen dute eguneroko jarduna, nolabait esateko. Gero kontseilua dago, gai estrategikoak lantzeko eta hausnartzeko. Errektorearena lidergo berria da, desberdina. Aldaketa da, zalantzarik gabe, errektoreorde izatetik errektore izatera igarotzea. Erabaki asko daude hartzeko, eta lana zein erabakiak ez dira errektorearen kontua bakarrik; alde horretatik, oso pozik nago dugun lantaldearekin, talde lana oso garrantzitsua da niretzat. Denon artean har ditzakegu eta hartuko ditugu erabaki asko, baina azken-azken ardura errektorearena da, hori horrela da. Unibertsitatearen beraren joerei adi egotea dagokit, politikak markatzea. Baina, esan bezala, ez naiz horretan bakarrik sentitzen, taldeko lanarekin oso-oso pozik nago; ikusgarriak dira jendearen konpromisoa eta inplikazioa gai eta arlo guztietan, unibertsitatea aurrera bultzatzeko.

"Unibertsitatearen beraren joerei adi egotea dagokit, politikak markatzea"

Jesuiten Loiolako probintziala izan zinen 2008tik 2014ra. Ardura hark ba al du orain hartu duzunaren antzik?

Ardura desberdinak dira. Probintzialak beste arlo eta erakunde batzuk ere ukitzen ditu; finean, Jesusen Lagundiaren eremu jakin horretako erakunde guztien arduradun nagusia da probintziala. Deustuko errektoreak, aldiz, erakunde bakarraren ardura du, unibertsitatearena. Hori bai, erakunde oso handia da Deustu: 1.500 langile eta 15-16 mila ikasle ditugu.

Jose Maria Guiberten lekukoa hartu duzu. Azpeitiar batek utzitako tokia beste azpeitiar batek hartu du Deustuko buruzagitzan. Datua da ala bitxikeria hutsa?

Nik esango nuke bitxikeria dela. Ez gara azpeitiar asko jesuitak, eta bitxia da, bai, horrelako kargu batean batek beste bati lekukoa ematea. Uste dut neu naizela Jesusen Lagundian sartutako azken azpeitiarra.

Hori bai dela datua.

Bai, hala da. Oker ez banago, Jose Mariren [Guibert] ondoren jesuita egin zen hurrengo azpeitiarra izan nintzen, eta ez dut uste ni baino azpeitiar gazteagorik dagoenik Jesusen Lagundian une honetan. Eta 1984an sartu nintzen ni.

"Saiatzen gara pertsonaren garapen integrala eta gizarte eraldaketa lortzen"

Unibertsitate katoliko pribatua da Deustu, erlijioak pisu asko galdu duen gizarte batean. Gaur egun jesulagunen marka unibertsitatean nola edo zertan islatzen dela esango zenuke?

Unibertsitatea gure izaerari lotuta dago. Unibertsitate katolikoa da gurea eta Jesusen Lagundiaren gidaritzapekoa. Gure nortasuna eta bisioa arlo guztietan azaltzen dira. Mundu berri baten alde elkarlanean da momentu honetan Deusturen leloa, eta uste dut esku artean dugun lana islatzen duela. Munduari eta gizarteari begiratzea dagokigu, gure nortasunetik. Jesusen Lagundiaren nortasunean beti egon dira fedea, noski, eta justizia, adiskidetasuna... Azken urteetan adiskidetasuna izan da lagundiaren ardatza; adiskidetasuna jaungoikoarekiko, gizartearekiko, ingurumenarekiko eta gurekiko. Hor kokatzen da gure lana, eta uste dut unibertsitatean ere saiatzen garela islatzen, plan estrategikoaren bidez hainbat arlotan txertatuta, irakaskuntzan zein ikerketan. Esaterako, uste dut erronka polita dugula esku artean gaur egun, ikerketa nola bideratu eta nola fokalizatu. Jakintzaren sorkuntzan eta transferentzian badugu zer landua, egungo gizartearen erronka handiak identifikatzetik abiatuta: injustizia, klima aldaketa, teknologiaren mundutik datozen aldaketak... Adibidez, adimen artifiziala badator, edo hemen dago jada, eta jakin behar dugu zein diren eskaintzen dituen aukerak, eta zein oztopo ekarriko dituen ere bai. Unibertsitate gisa badagokigu hori ikertzea eta ondo aztertzea; gainera, irakaskuntzaren ikuspuntutik ere berrikuntzak ekarriko ditu, dudarik gabe. Gure balioak egungo gizartean nola bideratu ikusi behar dugu, pertsonaren duintasuna bultzatzeko, eta uste dut alde horretatik guztiok egin dezakegula lan, sinestunek zein sinestun ez direnek.

Etxeberria, ikasturte hasierako ekitaldian. (Deustuko Unibertsitatea)

Eraldatzeaz mintzatu zinen kargua hartzerakoan. Deusturen gaur egungo asmoa "gizartea eraldatzen laguntzea" dela esan zenuen, besteak beste. Zer eta zertarako eraldatu?

Saiatzen gara pertsonaren garapen integrala lortzen, eta noski, baita gizartearen eraldaketa ere; eta beti gizartearen beharrak kontuan hartuta, gizarteari eta behartsuenei lotuta. Uste dut begirada hori, ikuspuntu hori, ezin dugula galdu. Behartsuei begiratu behar diegu, batetik, eta gazteei, nola ez, bestetik; gazteekin egiten dugu lan, eta horien gogoak ere oso kontuan hartu behar ditugu. Eraldaketa arlo guztietan bilatu behar dugu, baina horretan ez gaude bakarrik; erakunde publikoekin, izaera soziala dutenekin, erakunde ekonomikoekin edota kulturalekin batera egin behar dugu lan. Errealitatearekin oso konprometituta egotea dagokigu eta denon artean egin behar dugu lan.

Hizkuntza politika berariaz jorratzeko errektoreordetza berreskuratu duzue. Zergatik?

Betidanik eduki dugu euskararekiko konpromisoa, gure nortasunean dago hori. Euskal Filologiako lehen fakultatea Deusturena izan zen. Euskarak presentzia nahiko nabarmena dauka gure ikasketetan, baita gure eguneroko harremanetan ere; Gipuzkoan pixka bat gehiago Bilbon baino, hori ere bai. Bestetik, ingelesaren erabilera ere gero eta nabarmenagoa da unibertsitatean. Nik beti esaten dut ingelesa bultzatuko dugula, baina horrek ez duela esan nahi euskara ez dugunik bultzatuko, gehiago bultzatu behar dugula baizik. Uste dut beharrezkoa dela hizkuntza politikarako errektoreorde bat izatea.

"Gure konpromisoa humanismoarekin da, ikasketa guztietan, esango nuke"

Zein dira zuen unibertsitatearen lehentasunezko premiak, erronkak?

Ez dakit premia den, baina aukera estrategiko gisa asko ari gara bultzatzen sareko lana eta gizarte eragina. Aukera politak daude arlo horretan. Hezkuntza eskaintza dibertsifikatzea eta berritzea ere behar-beharrezkoa dugu; aldaketa handiak datoz, bai sozialak eta bai demografikoak, lehen aipatu ditudan gizartearen joerak, eta horrek eraman gaitu hemendik urte batzuetara zer eskainiko dugun hausnartzera. Zerbait egin dugu horren inguruan, baina etengabeko prestakuntzari arreta handiagoa jarri behar diogula iruditzen zait, hori gehiago landu. Aldaketak eta berrikuntzak abiadura izugarrian datoz, eta lehen aipatutako ildotik, uste dut indar gehiago egin beharrean gaudela ikerketaren arloan. Azkenik, unibertsitateko elkartea sendotzea bilatzen dugu; talde lanean oinarritzen gara, eta taldea eta elkartea zaindu egin behar dira.

Unibertsitateak gizartearen eta ekonomiaren beharrak asetzera bideratuta, jakintza edota pentsamendu kritikoa ez al dira neurri batean lausotu?

Askotan hitz egin dugu horretaz. Noski begiratu behar diogula ekonomiari, eta ekonomia, gizarte zein kultur eragileekin harremanetan egon behar gara, baina unibertsitate gisa balioak, konpetentziak eta pentsamendu kritikoa landuta. Guk proiektu guztietan txertatzen ditugula esango nuke, zeharkako gaitasunak ezarriz. Gure konpromisoa humanismoarekin da, ikasketa guztietan, esango nuke.

Zenbat urterako ikusten duzu zure burua errektoretzan?

Galdera zaila [barrez]. Normalean lau urterako izendapena izaten da, gero beste hiru urterako berritzen da, eta hiru urte gehiago luzatzeko aukera ere izaten da. Horrela, gehienez hamar urte bete ditzakezu karguan. Jesuita izanda, esaten didaten arte egongo naiz ni. Begiratu behar dena da nola dihoan unibertsitatea, eta laguntzen dudan ala ez. Alde horretatik, libre sentitzen naiz. Irakakuntzan aritu naiz urte askotan, eta oso pozik, gainera; eta beste hainbat arlotan egingo nuke lan gustura.