Hamar urtez oholtza gainean

Intza Trula 2023ko urr. 11a, 10:13
Azketa ahots taldea, duela urte batzuk. (Kulturaz)

Hamar urte igaro dira Azpeitiko Azketa ahots taldea elkartzen hasi zenetik. Urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko dute igandean, Julian Barrenetxea abesbatzarekin batera.

Ahots grabeen talde bat eratzeko nahiak bultzatu zituen Luis Galdos, Joxe Mari Arregi, Eduardo Badiola eta Juan Mari Lasa Azketa ahots taldea eratzera 2013. urtean. Hamar urte igaro dira lehenengo entsegu haietatik, eta urteurrena dela eta, Julian Barrenetxea abesbatzarekin batera kontzertu berezia eskainiko dute igandean. Hain zuzen ere, 13:00etan igoko dira Sanagustin kulturguneko oholtzara, eta talde batak zein besteak abesti errepertorio oparoa prestatu du jendaurrean aurkezteko.

Lau kiderekin abiatu zituen entseguak Azketa ahots taldeak, eta urteren batean hamalau izatera heldu baziren ere, gaur egun hamabik jarraitzen dute proiektuaren parte izaten: "Jende gehiago elkartzea da gure nahia, baina ez dago musika estilo honetan interesa duen jende asko", azaldu du Luis Galdos taldeko kideak. Ahaleginak egiten dituzten arren, jende gaztea parte hartzera animatzea zaila dela dio Galdosek: "Musika estilo hau ez da oso erakargarria jende gaztearentzat, baina guk ahalegina egiten jarraituko dugu jende berria sartzeko". Horretarako taberna eta espazio ezberdinetan publizitate apur bat egiten saiatzen direla ere gaineratu du abeslariak, "jendeak Azketa ahots taldea existitzen dela jakin dezan eta kontzertuen berri ere izan dezan".

Urte hauetan makina bat kontzertu eskaini dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, "jende mordoaren aurrean", abeslariak aipatu duenez. Hamar urteren ondoren proiektuak aurrera jarraitzeak badu bere meritua, eta Galdosen hitzetan, "oso gustura" daude taldekide guztiak urte hauetan egindako lanarekin; "benetan gauza politak" egin dituztela iritzi diote. Horrez gainera, taldeak luzaroan iraun eta hazten jarrai dezan "ilusio osoz" lanean jarraituko dutela azpimarratu du: "Datozen urteetan kontzertuak ematen jarraitzeko asmoa daukagu".

Hamargarren urteurrena

Hamargarren urteurrenaren harira, kontzertu berezi bat egiteko nahia zuen Azketa ahots taldeak: "Hamar urte bete ditugula ospatu beharra dago, eta hori da igandeko kontzertuaren helburu nagusia. Honaino iristea oso pozgarria da guretzat", dio abeslariak. "Zerbait dotorea" plazaratu nahi zuten urteurrena ospatzeko, eta horregatik, Julian Barrenetxea abesbatzarekin hitz egitea erabaki zutela aipatu du Galdosek: "Ez da Julian Barrenetxea abesbatzarekin lan egiten dugun lehen aldia. Ondo moldatzen gara haiekin, eta elkarrekin kontzertu bat emateko une aproposa iruditu zitzaigun". Gabonetako ekitaldietan eta herrian egindako beste hainbat momentutan aritu dira elkarlanean bi taldeak. Hori horrela, igandean talde bakoitzak bere abestiak eskainiko ditu, eta elkarrekin abesteko beste hainbat kanta hautatu dituztela jakinarazi du Galdosek.

Euskal abestiak, polifonia eta erlijio musika oholtzaratzen ditu Azketa ahots taldeak, eta igandeko kontzertuan ildo horretatik jarraituko dutela aurreratu du abeslariak: "Ez dugu aparteko abestirik plazaratuko igandean, gure ohiko zerrendarekin jarraituko dugu. Menderatuta ditugun abestiekin egingo dugu kontzertua".

Igandeko kontzerturako "gogotsu" daude Azketa ahots taldeko kideak, eta gazte zein helduak animatu nahi dituzte kontzertuaz gozatzera: "Etortzen dena etortzen dela ere, oso pozik egongo gara eta beso zabalik hartuko ditugu guztiak". Horrez gainera, "ondo pasatzera" doazela azpimarratu nahi izan du Galdosek, eta beraien nahia bertaratzen diren guztiak kontzertuaz disfrutatzen ikustea dela.