Urriko lehen astean egingo dute Txisteratik Egun Magikoa

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 23a, 10:00

Iazko Txisteratik Egun Magikoan hartutako irudi bat. (Kulturaz)

Txisteratikek antolatuta, urriaren 3tik 8ra bitartean magiari lotutako hainbat ekintza egingo dituzte herrian. Besteak beste, magia tailerra, gala nagusia, gazteen gala eta magia ikuskizunak izango dira aurtengo menuan. Sarrerak eskura daitezke dagoeneko.

Magiaren munduan murgiltzeko egunak izan ohi dira udazken sasoian Azpeitian, Txisteratik Egun Magikoak jaialdiaren bueltan, eta aurtengoan ere ez du hutsik egingo egitasmoak. Txisteratikek orain gutxi jakinarazi du aurtengo egitaraua, eta askotariko ekintzak antolatu dituzte aurtengoan ere. Hain zuzen ere, urriko lehen astean egingo dute, eta besteak beste, magia tailerra, gala nagusia, gazteen gala eta magia ikuskizunak izango dira menuan.

Urriaren 3an, asteartez, ekingo diote egitarauari. Egun horretan eta hurrengoan, asteazkenean, Txisteratik magia tailerra izango da Dinamoa sormen gunean, 17:30ean eta 19:30ean, Edu eta Marsell magoen eskutik. Tailerrean parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, kulturaz.eus atarian. Urriaren 1a izango da izena emateko azken eguna.

Urriaren 5ean, ostegunez, Txan magoaren ikuskizuna izango da. Magiaz blai izenburupean eskainiko du saioa mago ezagunak, 18:00etan, Soreasu antzokian. Emanaldirako sarrerak ere eskura daitezke dagoeneko, hemen.

Ostiralean –urriak 6–, berriz, gazteen gala izango da Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita. Honako mago hauek igoko dira oholtza gainera: Eneko Gutierrez, Iagomago, Julen magoa eta Maria Arandia. Saio horretarako sarrerak ere salgai daude, lotura honetan.

Urriaren 7an, larunbatez, gertuko magiaren txanda izango da. 12:30etik 14:00etara askotariko magia trikimailuez gozatu ahal izango dute herritarrek kaleko hainbat txokotan.

Igandean, urriaren 8an, izango da Txisteratik jaialdiaren barruko azken ikuskizuna: gala nagusia. Soreasu antzokian izango da magiazaleek gehien itxarondako emanaldia, 19:00etan hasita. Honako mago hauek parte hartuko dute saioan: Txinako Huang Zheng-ek, Iagomago azpeitiarrak, Kanarietako (Espainia) Hector Manchak, Elgoibarko (Gipuzkoa) Nialak eta Bilboko Peio Rivasek. Hemen eskura daitezke galarako sarrerak.