Asfaltatzeko lanak tarteko, Euskalerria kalean errepidea itxiko dute ostegunean eta ostiralean

Nerea Uranga 2023ko ira. 19a, 15:35
Jim Clarck tabernaren eta Errotaundi okindegiaren arteko bidea. (Maialen Etxaniz)

Jim Clarck tabernaren eta Errotaundi okindegiaren arteko bidean moztuko dute trafikoa, skate parke zaharra zenean egiten ari diren obrak bukatu ahal izateko. Behin-behineko pasoa epaitegiaren aurreko aparkalekutik egokituko dute.

Euskalerria auzoko skate parkea zenean obretan ari da Azpeitiko Udala azken hilabeteetan. Skate parkea kendu eta haren tokian autoentzako aparkalekua egokituz. Obra horiek bukatu ahal izateko, aparkalekuaren ondoko errepidea asfaltatu behar dute. Asfaltatzeko lan horiek egiteko, ostegunean eta ostiralean auzoko errepide zati bat itxiko dute trafikoarentzako.

Euskalerria auzoan ostegunean eta ostiralean itxiko duten errepide zatia Jim Clarck tabernaren eta Errotaundi okindegiaren artekoa da, eta behin-behineko pasoa epaitegiaren aurreko aparkalekutik egokituko dute. Udalak adierazi du obra horiek eragin ditzaketen eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen saiatuko dela, eta barkamena eskatu du sor daitezkeen oztopoengatik.

Aparkaleku berriak egiten ari diren gunea. (Maialen Etxaniz)