Etengabeko eboluzioan

Mailo Oiarzabal eta Maialen Etxaniz 2023ko ira. 15a, 09:45

Eevee ondu dute Nora Alberdik eta Elena Olabek, azpetiarraren irudiak eta durangarraren narrazio bat jasotzen dituen argazki liburua. Dinamoa sormen gunean aurkeztuko dute lana, bihar (13:00). Aurkezpen horren atarian elkartu da Uztarria Nora Alberdirekin, bere azken lanaz hitz egiteko.

Sormenari eragiten eta eragite horren emaitzak plazaratzen jarraitzen du Nora Alberdik (Azpeitia, 1997). Kuraiosa (2019) eta Bigarren Sexua(z) Collage (2019, Iratxe Fresnedarekin) film laburrak eta EITBk eta Gazteak sustatutako Daniel|a| websaila (2021) zuzendu ondoren, pantailetatik paperera egin du jauzi oraingoan, Eevee argazki liburuarekin. Elena Olabe idazle durangarrarekin batera egin du, eta bihar aurkeztuko dute bi egileek lan berria jendaurrean. Oraintsu arte Alberdiren lantoki ere izan den Soreasuko Dinamoa sormen gunean egingo dute aurkezpen ekitaldia, 13:00etan.

Ikus-entzunezkoen bidea jorratu du Alberdik nagusiki orain arteko sortzaile ibilbidean, baina pantailetatik papererako jauzia erroetara itzultzea ere bada beretzat; argazkilaritza betiko zaletasuna eta jarduera du, eta hain zuzen ere, 2019ko hasieran Sanagustin kulturgunean jarri zuen argazki erakusketa izan zen jendaurreko bere lehen agerraldi nagusia.

Alberdik egindako 44 argazkik eta Olabek idatzitako narrazio labur batek betetzen dituzte Eeveeren orrialdeak.

Pokemonak eta sexilioa

Transexualitatea, generoa eta feminismoa landu izan ditu Alberdik zuzendu dituen ikus-entzunezkoetan, eta Eevee ere ildo berekoa da, gaiari dagokionez. "Iruditzen zait nire lan denetan agertuko direla beti gai horiek. Generoa, sexualitatea... mugitzen nauten gaiak dira, egunero bizi ditut, eta egunero kezkak eta zalantzak sortzen dizkidaten gaiak dira", dio azpeitiarrak.

Pokemon baten izenarekin bataiatu dute liburua Alberdik eta Olabek, Alberdiren sorkuntzen gaiarekin zerikusi zuzena duen Pokemon baten izenarekin, hain zuzen: "Pokemon guztiek dituzte eboluzio bat baino gehiago, normalean hiru-edo izaten dituztela uste dut. Baina Eeveek, justu, eboluzio pila bat ditu, ez dakit zenbat diren. Esaten da Eeveeren eboluzio bakoitza LGTBI+ komunitateko kide bakoitzaren eboluzioarekin eta banderaren koloreekin lotuta daudela. Beraz, Pokemon hau bada, nolabait, komunitatearen irudikapen bat".

LGTBI+ komunitateko kideen artean ezaguna den errealitate bat jorratu dute, izan ere, Alberdik eta Olabek liburuan: sexilioa. Sexu eta exilio hitzen bategite horren esanahia honela azaldu du azpeitiarrak: "Zure generoagatik edo sexu orientazioagatik egiten duzun mugimendu bat dela esan genezake. Normalean, herri batetik hiri batera egiten den mugimendua izaten da. Horrela definituko nuke sexilioa".

Elkarrekin "zerbait"

Euskal kultur sorkuntza eta kritika feminista izeneko graduondoko ikastaroa egiten ari zirela ezagutu zuten elkar Eeveeren egileek. "Bizitzak eta hartu-emanak eraman gintuzten gai hauetaz hitz egitera, sexilioaz-eta", kontatu du Alberdik.

Iaz, "bien artean zerbait" egiteko gogoa piztu zitzaien. Ideiak eta balizko proiektuak partekatzeko karpeta bat sortu zuten Drive-n, baina hasierako  ideia eta asmo lausoak ez ziren berehalakoan hezurmamitu. "Zerbait egin nahi genuen, baina ez genekien zer". Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Egile Sarira aurkeztu ziren, dirulaguntza lortu zuten, eta behar zuten akuilu bihurtu zitzaien laguntza hori. "Elkarri eskutitzak bidaltzen hasi ginen. Gutun horiekin, nik argazki bat bidaltzen nion, eta berak argazki horretan oinarritutako testu bat bidaltzen zidan", kontatu du Alberdik. Mezu eta eduki truke horretan oinarrituta erabaki zuten, azkenean, argazki liburua egitea, Alberdiren argazkiak eta Olaberen testu bat elkar lotuta. Bestelako ekarpenak ere jaso dituztela zehaztu du, ordea, azpeitiarrak: "Tartean elkarrizketa batzuk ere izan ditugu, lagunekin eta gertukoekin. Azkenean, liburuan kontatzen diren bizipenak kolektiboak dira, gureak eta gure ingurukoenak".

Olabek testuari forma ematen zion bitartean, testu horrekin ondo ezkonduko ziren argazkiak inguratzen eta aukeratzen joan zen Alberdi. "Testuaren zirriborroa eskuetan, nire argazki artxiboan bila hasi nintzen. Liburuan dauden argazkiak azken bi urteetan egindakoak direla esan daiteke. 2021ean kamera analogiko bat erosi nuen, eta harekin hasi nintzen liburuan ikus daitezkeen argazkiak ateratzen".

Aldundiaren dirulaguntza tarteko, epe zehatz bat zuten Alberdik eta Olabek lana bukatzeko. Liburua joan den udaberrian argitaratu zen berez, baina aurkezpena uda ondorenerako uztea nahiago izan dute. Emaitzarekin gustura dago Alberdi: "Polita izan da. Prozesu bat izan da, bere gorabeherekin. Beste pertsona batekin lan egiteak eskatzen dizu hartu-emana izatea eta iritziak partekatzea, baina oso gustura nago emaitzarekin".

Eeveeren ale bat eskuratu nahi dutenak Alberdirekin edota Olaberekin jar daitezke harremanetan. Bestela, Durangoko (Bizkaia) Arteka liburudendan ere aurkituko dute argazki liburua.