XIX. eta XX. mendeetako artea eta kultura lantzeko ikastaroa antolatu dute

Nerea Uranga 2023ko ira. 12a, 15:00
Basazabal jauregian izango dira ikastaroko saioak.

Azpeitiko Udalak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean eskaintzen duen Hiritartasun Eskolan egingo dituzte literatura, artea eta historia lantzeko saioak. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago.

Aurreko ikasturtean bezala, hasi berria den honetan ere, Azpeitiko Udala eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean ariko dira. Ondorioz, Hiritartasun Eskolaren barruan, literaturako, arteko eta historiako saioak eskainiko dituzte. Urriaren 2an hasiko dituzte saioak Basazabal jauregian, eta XIX. eta XX. mendeetako artea eta kultura landuko dituzte, Deustuko Unibertsitateko irakasleekin.

Ikastaroa urritik ekainera bitartean izango da, astelehenero, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Ikastaroan parte hartzeko 40 euro ordaindu beharko dute Azpeitiko bizilagunek eta 50 euro Azpeititik kanpo bizi direnek. Izena emateko orria beteta udaleko Hezkuntza zerbitzuan entregatu beharko da, ordain agiriarekin batera. Izena emateko azkenengo eguna irailaren 22a da.