Yon Gonzalez: "Klub honek behar du gaztetxoek erreferenteak izatea kantxan"

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 7a, 11:00

Yon Gonzalez, Juaristi ISBren entrenatzailea, kiroldegian. (Mailo Oiarzabal)

Aldaketa eta berrikuntza urtea du aurretik Iraurgi Saskibaloiak. Yon Gonzalezena (Tolosa, Gipuzkoa, 1986) da horietako bat, gizonen talde nagusiaren gidaritza hartu baitu. Etzi jokatuko du denboraldiaurreko lehen neurketa Juaristi ISBk, Azpeitiko kiroldegian, San Pablo Burgosen kontra (18:00).

Zer moduz ekin diozue denboraldiaurreari?

Abuztuaren 28an hasi ginen, hasieran harrobiko jende askorekin, kanpotik zetorren jendea artean iritsi gabe baitzegoen. Pixkanaka ari gara taldea osatzen atzerriko jokalariekin. Joan den astean zortzi lansaio egin genituen, aste honetan beste zazpi egingo ditugu, eta larunbatean lehen lagunartekoa jokatuko dugu Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan, San Pablo Burgosen kontra. Pixkanaka ari gara martxa hartzen eta elkar ezagutzen.

Berrikuntza eta aldaketa ugari dakartza sasoi berriak Juaristirentzat. Hasteko, zeurea. Jauzi handia al da taldearen gidaritza hartzea?

Joan den urtean, hartzen nituen erabakiak beti izaten ziren Mikelen [Odriozola] babesean, eta orain neu izango naiz erantzule nagusia jokalarien, zuzendaritza teknikoaren zein zuzendaritza nagusiaren aurrean. Iaz Mikelekin hitz egiten nuen dena, eta aurten Andoni Azpiazurekin [bigarren entrenatzailea] gauza bera egingo dut. Ardura handiagoa da niretzat, baina presiorik gabe ari naiz, ondo.

Jokalarietan ere apenas dagoen iazko taldearen arrastorik.

Iazkoetatik Ierai Aizpitarte bakarrik gelditzen da. Lehen taldeko hamar jokalari dauzkagu, barruko jokalari bat falta zaigu taldea osatzeko. Antolatzaile posturako, Gaizka Maiza ibartarra daukagu batetik, lehen ere talde honetan jokatutakoa; neuk ere ezagutzen dut Tolosan jokatu zuen garaitik, eta beti da garrantzitsua joko antolatzailearekin harreman berezia izatea. Aiert Velasco da beste joko antolatzailea, Bilbao Basketen bigarren taldetik datorren jokalari gaztea. Egia esan, taldeko gazte guztiek hobetzeko gose handia daukate, eta Aiert da horietako bat. Eskolta postuan Ierai daukagu, taldeko kapitaina, kantxara irteten denean taldeari grina berezia gehitzen diona, oso jaurtitzaile ona; Tabirakotik datorren Enaitz Errasti arrasatearra ere fitxatu dugu postu bererako, oso gaztea baita ere.

Salamancako Tormes taldetik dator, berriz, Nolan Bertain hegalekoa; iaz denboraldi txukuna egin zuen, baina uste dugu are maila hobea eman dezakeela. Andoni Atxa ere Arrasatetik dator, esperientzia handia dauka eta uste dut erreboteko lanean zein kanpotik asko lagunduko digula. Mikel Olaizola azpeitiarra Disdira ISBtik talde nagusira igo da. Danimarkatik etorri zaigu Rasmus Blak Moller, beste jokalari oso gazte bat, etorkizun handikoa, gaztelaniaz ondo moldatzen da eta uste dut ondo egokituko dela. Herenegun iritsi zen Cade McKnight pibot estatubatuarra; jokalari bikaina, esperantza handia daukagu beregan. Mohammed Abdulsalam da momentuz egin dugun azken fitxaketa, bi aste barru iristea espero dugu, bisa kontuak-eta zuzenduta. Uste dut talde polita osatu dugula, azken ukitu horren zain.

Maila galduta, Zilarrezko LEBera itzuliko da Iraurgi. Zer eman dezake bertan taldeak?

Entrenatzaile gisa, nire helburua da harmaila betetzen jarraitzea; ondo jokatzen eta joko polita eskaintzen ari garenaren adierazle izango da hori. Klub honek behar du gaztetxoek erreferenteak izatea kantxan, gaztetxo horiek heltzen direnean non jokatua izan dezaten.

Mendebaldeko multzoan ariko zarete. Nola ikusten duzu?

Iaz baino bidaia luzeagoak izango ditugu: Melilla, Huelvan bi talde, Algeciras, Moron, Albaceten beste hiru talde....

Klubak ekonomikoki aurrezte gutxi, beraz...

Mailaz jaitsita, askotan irudi lezake ez direla hainbeste babesle behar, baina bai, behar dira. Talde guztiak dira nahiko berriak, ez da guri bakarrik gertatu zaigun zerbait; beraz, zaila da baloratzea. Hala ere, Zamorak talde ona osatu du, baita Huescak ere, eta Zornotzak... Gu ere pozik gaude osatu dugun taldearekin, ea emaitzak lortzen ditugun eta borrokatzeko gai garen.

Klubaren egituran ere aldaketa handiak gertatu dira: Xubi joan da, Guridik hartu du haren tokia...

Xubik sekulako lana egiten zuen klubean eta haren hutsunea nabariko da, baina Ibon [Guridi] ere sekulako lana egiten ari da. Kantxan toki guztietan zegoen bezala, bulegoan ere bai. Kristoren lana egin du taldeak osatzen zein harrobia antolatzen. Urteetan egin du lan Xubiren ondoan haren lekukoa hartzeko, eta oso ondo prestatuta dago. Seguru etorkizunean ere lan bikaina egingo duela.

Zerotik hastea ez, agian, baina reset moduko bat ez al da izango denboraldi hau?

Egitura aldetik, dudarik gabe: Ibonek beste rol bat hartu du eta kirol mahai bat eratu da, klubaren egiturari beste buelta bat emateko eta gauza berriak egiteko. Gure taldeari dagokionez ere, gipuzkoarren oinarria berria da, aurreko hiru urteetan-edo mantendu zen oinarriaren tokia hartu du. Oinarri berri hau ere urteetan mantentzea espero dugu, eta bere fruitua ematea ere bai.

Zer mezu bidaliko zenieke zaleei?

Esango niekeena da, aurreko denboraldiko azken partidetan bezala harmailak betetzeko. Taldeak gogor eta azkar jokatuko du, uste dut igande arratsaldeak ondo pasatzeko plan ezin hobea izan daitekeela Azpeitiko kiroldegira joatea.