Azpeitiko Udalak eta UKTk hitzarmena sinatu dute

Ane Olaizola 2023ko ira. 4a, 15:15
LarraƱaga eta Elustondo, hitzarmena sinatzen. (Azpeitiko Udala)

Hitzarmenaren helburua da tokiko hedabideen bidez euskararen normalizazioan eragiten jarraitzea. Horrenbestez, erakundeak dirulaguntza emango dio UKTri.

Azpeitiko Udalaren eta Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) izenean, Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak eta Ihintza Elustondo UKTren lehendakariak hitzarmena sinatu dute, tokiko hedabideen bidez euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko asmoz.

UKTren proiektuaren helburua da euskarak komunikabideetan duen presentzia areagotzea, eta udalak bat egin du asmo horrekin; beraz, erakundeak beste behin dirulaguntza emango dio UKTri. Larrañagak adierazi du "urte asko" direla Azpeitiko Udalak "euskararen erabilera garatzeko, defendatzeko eta sustatzeko jarduerak" bultzatzen dituela. Bide horretan, euskararen aurkako azken neurrien aurrean, "gogor lanean" jarraitzeko konpromisoa azaldu du: "Azpeitia euskaraz dela esan ohi dugu, eta horrela izan dadin lanean jarraituko dugu udaletik bertatik zein bestelako eragileekin elkarlanean. Horregatik, guretzat garrantzitsuak dira gaur sinatutako hitzarmena bezalako elkarlanerako aukerak". 

UKTren presidente Elustondok, bere aldetik, azpimarratu du tokiko hedabideek "berebiziko garrantzia" dutela euskararen erabilera sustatzeko, komunitateak trinkotzeko eta tokiko garapenean eragiteko: "Zero kilometroko hedabideak gara; herritik eta herriarentzat sortuak, gutaz eta gure hizkuntzan".

Urola Kostako herritarren eta eragileen informazio eta komunikazio beharrak asetzeko asmoz, euskara ardatz izanda Uztarria webgunea eta aldizkaria, Erlo Telebista
eta Urola Kostako Hitza egunkaria elikatzen ditu UKTk Azpeitian, eta Elustondok azaldu du aurrera begira ere "azpeitiarrentzat ahalik eta komunikabide onenak" eskaintzea dutela helburu. Azkenik. Udalak emandako laguntza eskertu du hark UKTren izenean: "Denen
ekarpena ezinbestekoa da herriarentzat eta euskararentzat hain beharrezkoak diren
hedabideei eusteko".