Zu zeu

Aiora Ibar: "Taldeko giroa oso garrantzisua da niretzat"

Unax LarraƱaga 2023ko abu. 20a, 16:50

Aiora Ibar. (Olatz Aguado)

Nahiz eta errugbia Azpeitian kirol ezaguna ez izan, 18 urtez azpikoen Euskal Selekzioarekin brontzezko domina eskuratu berri du Aiora Ibarrek (Azpeitia, 2006) Valentzian. Lan handia egin beharko duela aitortu duen arren, datorren urtean Ohorezko Mailan jokatzea du helburu azpeitiar gazteak. 2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Noiz eta nolatan hasi zinen errugbian?

DBHko 3. mailan nengoela hasi nintzen, duela hiru urte, eta kasualitatez izan zela esango nuke. Soinketan errugbiaren oinarriak lantzen zituen jolas batean ibili ginen, eta asko gustatu zitzaidan. Etxekoei esan nien gustatu egin zitzaidala, eta inguruan dauden errugbi taldeak begiratzen hasi ginen. Hala hasi nintzen Eibarko ERT taldean jokatzen.

Ba al dago Azpeitian errugbiarekiko zaletasunik?

Azpeitian eta inguruan ez dago errugbian aritzeko zaletasunik. Hasi nintzenean asko aztertu behar izan nuen, niretzat ez zelako batere ezaguna kirol hori. Ez nuen gertuko zerbait bezala hartzen, inguruan ez baitut errugbian ibiltzen den inor. Zerotik hasi nintzen erabat.

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Momentu honetan Euskal Ligan ari naiz jokatzen, baina Ohorezko Mailako jokalariekin entrenatzen dut, eta exigentzia maila handia antzeman dut maila horretan. Gainera, Ohorezko Mailako jokalariekin entrenatzen dudanez, neure buruari gehiago eskatzea diot orain.

Askotan errugbia biolentziarekin eta kolpeekin soilik lotzen da. Nola ikusten duzu gaia?

Kanpotik begiratuta, normala da horrela ikustea, partidetan kolpe ugari egoten baitira. Neuk ere gauza bera pentsatzen nuen lehen; kirol basatia zela eta min handia hartuko nuela. Baina jokatzen hasi nintzenean ikusi nuen kirol horren atzean zer-nolako prestaketa dagoen. Ez da kolpeak ematea soilik, teknika ugari daude, eta, nola ez, kolpeak saihesten ere ikasi egin behar da.

Euskal Selekzioarekin txapelketa bat jokatzen izan zara Valentzian. Nolakoa izan da esperientzia?

Euskadiko Selekzioarekin jokatu dudan hirugarren urtea izan da, eta zorte oneko sentitzen naiz. Klubaz kanpoko jendearekin entrenatzea eta haiengandik ikastea oso aberasgarria dela iruditzen zait; horri probetxua ateratzen saiatzen naiz beti. Gainera, poz ematen dit dakidana eta entrenatu dudana erakusteko aukera izateak.

Maila desberdintasun handia sumatu al duzu zu eta taldekideen artean?

Aurten bai, 18 urtez azpikoen mailan ni baino zaharragoak diren jokalariekin aritu behar izan dudalako. Gainera, taldekide batzuk Espainiako Selekzioarekin jokatutakoak ziren, eta haiekin konparatzen hasten zarenean, besteek zuk baino gehiago dakitela ikusten duzu. Hori ere positiboa dela iruditzen zait, ordea, beti egongo baitira desberdintasunak jokalarion artean. Ahal duzun guztia emanda, taldekide horiekin jokatzeko aukerari probetxua ateratzen badiozu, hobetzea lortzen duzu.

Zer du errugbiak lotuta mantentzen zaituena?

Taldeko giroa oso garrantzitsua da niretzat. Gainera, lagun asko egin ditut errugbiaren bitartez. Kirolari zaharragoen laguntza handia jaso dut, haiei ere komeni baitzaie gazteagoek ikastea eta taldeak aurrera egin ahal izatea. Emakumeen taldeak duela gutxira arte ez du presentzia handirik izan, eta jokalari beteranoek ere nahi dute gazteok errugbian jarraitzea. Gainera, nire egoera ikusita, Eibartik urruti bizi naizela ikusita, beti egon dira laguntzeko prest.

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Hurrengo denboraldiaren hasieran 17 urte beteko ditut. Beraz, nire helburu nagusia Ohorezko Mailan jokatzea da. Badakit horretarako lan handia egin beharko dudala, bai fisikoki, baita teknika aldetik ere. Maila askoz altuagoan jokatu beharko nuke, baina pare bat urte daramatzat Ohorezko Mailako taldearekin entrenatzen, eta badakit maila ona erakusteko gai izango naizela. Horrez gain, eta zorte asko izanez gero, bikaina litzateke Espainiako Selekzioarekin jokatzea ere.