Iban Fagoaga: "Taldea sendotzen doan heinean, joango gara ikusten zer emateko gai den"

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 18a, 09:15

Iban Fagoaga (ezkerrean), IƱigo Arregi klubeko presidentearekin.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak entrenatzaile berria du, Iban Fagoaga beratarra (Nafarroa), eta haren aginduetara denboraldiaurre bikaina egiten ari da, orain arte jokatutako partida guztiak irabazita. Bihar, larunbata, jokatuko du lehen partida etxean, Ugaitz Kerejetaren oroimenezko jardunaldian. 11:00etan hasita, Real C-ren kontra neurtuko ditu indarrak Garmendipe futbol zelaian. Fagoagarekin hizketan aritu da Uztarria, entrenatzaile berriaren lehen inpresioak jasotzeko.    

Maiatzaren 15ean iragarri zuen Lagun Onakek gizonezkoen lehen taldearen entrenatzailea zu izango zinela. Jokalariek eta zuk aste batzuk izan dituzue elkar ezagutzeko. Zer moduz egokitu zarete elkarrengana?

Egia esan, oso ondo; oso gustura ari gara lanean. Kontuan izanda taldea ia erabat berritu behar izan dugula, aste hauek funtsezkoak izaten ari dira taldea egiten hasteko.

Zenbat jokalari berri dituzue bada?

Joan den denboraldian jokatu zutenetatik bost jokalarik bakarrik jarraituko dute aurten; beste hiru bigarren taldetik igo dira; eta guztira, hemeretzi fitxa ditugu. Beraz, atera kontuak: 11 jokalari berriak dira. Ia goitik behera eraberritu dugu taldea.

Eta zer moduzko taldea osatu duzue? Gustura al zaude eskuartean duzunarekin?

Mutilak gogotsu eta ilusio handiz ari dira lanean, eguneroko martxa oso ona hartu dugu, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait, are gehiago ia hutsetik hasten den talde batentzat.

Zeintzuk iruditzen zaizkizu taldearen indargune nagusiak, eta zertan du hobetzeko beharra?

Oraindik oso goiz da talde honen inguruko balorazioak egiten hasteko. Denboraldiaurreko asteotan, fisikoki sasoian jartzeak izaten du garrantzia; izan ere, Hirugarren Mailan ia hiru hilabete egon dira geldirik, eta hori nabaritu egiten da. Gainera, talde berria da, eta lanean ondo ari garen arren, denbora beharko dugu elkar ondo ezagutzeko.

Azken denboraldietan dezente sufritzea egokitu zaio taldeari, nahi baino gehiago kostatu izan zaiolako mailari eusteko helburua lortzea. Zer helburu jarri dituzue hastear den denboraldirako?

Lehenengo helburua izango da mailari eustea ahalik eta lasaien, eta hortik aurrerakoa, ikusiko dugu. Taldea sendotzen doan heinean, joango gara ikusten zer emateko gai den, noraino iristeko gai den, eta agian beste helbururen batzuk finkatuko ditugu; baina momentuz, ez. Guk geure onena emateko lan egingo dugu, eta ligak jarriko gaitu dagokigun lekuan.

Joan den larunbatean Pasaia Hiria hiruko txapelketa jokatu zenuten, eta Beasainen eta Pasaiaren kontrako bi partidak irabazita, garaikur eta guzti etxeratu zineten. Herenegun, berriz, 3 eta 0 irabazi zenioten Elgoibarri. Emaitzei dagokionez, bikain hasi zarete; baina zer moduzko jokua erakutsi du taldeak?

Orain arte jokatu ditugun partidetan, gauza on asko ikusi ditugu zelaian, eta hobetzeko batzuk ere bai. Hala ere, uneotan garrantzitsuena mutilek duten jarrera da; ilusio eta gogo handiz ari dira lanean.

Denboraldia hasi aurretik beste bizpahiru lagunarteko jokatzea aurreikusten duzue. Ia goitik behera eraberritutako taldea izanda, are garrantzi handiagoa izango dute partida horiek, ezta?

Noski. Eguneroko martxari eta lanari garrantzi handia ematen diogu, baina partidak jokatzea eta lehiatzea ere beharrezkoa dugu taldeak zelaian nola funtzionatzen duen ikusteko eta zer lantzea komeni zaigun jakiteko.

Hurrengo hitzordua bihar bertan duzue, Garmendipen: Ugaitz Kerejeta zenaren oroimenezko jardunaldia. Reala C-ren kontra neurtuko dituzue indarrak, 11:00etan hasita. Berezia izango al da biharkoa?

Partida guztiak dira garrantzitsuak guretzat, eta biharkoa berezia ere izango da, besteak beste, etxean jokatuko dugun lehenengoa izango delako.