Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Arratsaldeko parte hartze datua kontuan hartuta, 7,42 puntu jaitsi da Azpeitian

Nerea Uranga 2023ko uzt. 23a, 18:37

Arratsaldeko 18:00etarako Azpeitiko hautesleen %47,72 izan dira botoa eman dutenak. 2019ko azaroan, ordu horretarako, %55,74k zuen botoa emanda.

Jakinarazi dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako arratsaldeko seirak arteko parte hartze datuak. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Azpeitian, 7,42 puntu jaitsi da arratsaldera arteko parte hartze datua, 2019ko azaroko hauteskundeetako datuekin alderatuta. Boza ematera deituta dauden herritarren %47,72 izan dira hauteslekuetan, hau da, 5.426 herritar. 2019ko azaroko bozetan, aldiz, 18:00etarako 6.193 hauteslek eman zuten boza, deitutako herritarren %55,74k. Dena den, Uztarriak ez du posta bidez botoa eman duten herritar kopuruaren inguruko daturik. Hego Euskal Herriko 2,3 milioi lagunek dute bozetan parte hartzeko aukera, eta horietatik 249.723k jada posta bidez egin dute. 

Gipuzkoan ere behera egin du parte hartzeak, baina modu apalagoan; izan ere, 4 puntu egin du behera datuak, eta, horrenbestez, Gipuzkoako hautesleen %52,81 eman dute botoa 18:00etara bitartean. 2019ko azaroan, %56,91k eman zuten boza ordu horretarako.