Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Herritarrak hasi dira Espainiako Gorteetarako boza ematen

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 23a, 09:42

Sanjuandegiko hautesmahaietako bat, hautetsontziak ireki berritan. (Maialen Etxaniz)

Espainiako Gorteetarako bozen eguna iritsi da, eta 09:00etatik zabalik dira hautetsontziak. Herritarrak boza ematera deituta daude Espainiako Kongresua eta Senatua berritzeko, eta 21:00etatik aurrera, Kongresuko emaitzak ikusteko aukera izango da Uztarria.eus webgunean, grafikoez lagunduta.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozen eguna da gaur, uztailak 23, eta dagoeneko nabaria da jendearen joan-etorria herriko hauteslekuetan. 09:00etan zabaldu dituzte boza emateko mahaiak, eta herritarrak lehen ordutik bertaratu dira botoa ematera. Azpeitian, 11.370 herritar daude boza ematera deituta. Uztarriak ezin izan du lortu posta bidez botoa eman duten herritarren kopurua. 

20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta orduan hasiko da botoen kontaketa. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.

Izarraitz pilotalekuko hautesmahaietako bat, gaur lehen orduan. (Maialen Etxaniz)

Hego Euskal Herriko 2,3 milioi lagunek dute bozetan parte hartzeko aukera, eta horietatik 249.723k jada posta bidez egin dute. Denera, herritarrek 23 diputatu eta hamasei senatari aukeratuko dituzte.
 

2019ko apirilean egin ziren Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeak, eta ondoren urte hartako azaroan. Ordukoan, Kongresurako boto gehien EAJk eskuratu zuen Urola Kostan bi aldietan, 16.705 (%39,33) eta 15.983 (%39,99). EH Bildu izan zen bigarren bozkatuena, 13.581 eta 13.823 botorekin (%31,98 eta %34,5). Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, hurrenez hurren, botoen %12 eta %10 eskuratu zituzten apirilean, eta %10,37 eta %9,92 azaroan. Hemen ikus daitezke orduko emaitzak, bai eskualde mailakoak, bai herriz herrikoak.

Honako hauek izan ziren 2019ko azken hauteskundeetako emaitzak Azpeitian: