Santioak eta saninazioak 2023

Ezkutukoa azalera

Nerea Uranga 2023ko uzt. 29a, 15:00

Eider Irureta, Maryuri Ninoska, Laia Juez eta Mailu Etxeberria. (Nerea Uranga)

Laia Juezek, Mailu Etxeberriak, Maryuri Ninoskak eta Eider Iruretak adinekoak zaintzen egiten dute lana. Sektore horretan aritzen direnen izenean, horiek botako dute San Inazio bezperako txupinazoa udaletxeko balkoitik. Zaintza lanak kalitatezkoak izateko lan egin beharra dagoela aldarrikatu dute laurek. Artikulu hau 2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutakoa da.

Uztailaren 7an kendu zituzten musukoak. Bai gustura kendu ere. Luzeak eta gogorrak, "oso gogorrak" izan dira COVID-19aren izurriteak eragindako bizipenak eta izandako ondorioak adinekoen zaintzan lan egiten dutenentzat. Gauza bakar bat izan du ona edota nabarmentzekoa: beren lanaren beharra ikusarazteko eta gizarteratzeko balio izan duela. Alegia, adinekoen zaintzan ari direnen lana eta zerbitzuak ezinbestekoak direla ikusi dela.

Laia Juez (GuarenĖƒa, Espainia, 1958), Mailu Etxeberria (Azpeitia, 1966), Maryuri Ninoska (Nikaragua, 1977) eta Eider Irureta (Azpeitia, 1994). Adin eta belaunaldi desberdinekoak dira laurak, baina denak aritzen dira adinekoak zaintzen. Laurek botako dute aurtengo saninazioetako txupinazoa udaletxeko balkoitik, adinekoen zaintzan jarduten duten "guztien" izenean. Gustura hartu dute udalak egindako proposamena, pozik daude haiek lan egiten duten sektorea kontuan izan dutelako. "Bada ordua guri ere egiten dugun lana aitortzeko", adierazi du Juezek.

Azpeitian zaintza lanetan ari direnen artean aitzindariak dira Juez eta Etxeberria. 1982. urtetik ari da lanean Juez etxez etxeko laguntza zerbitzuan; urrian 41 urte egingo ditu. "Gu hasi ginenean, proiektu pilotua zen etxez etxeko zerbitzua, hala-hola aritzen ginen, ez genekielako ziur lana nola egin behar genuen. Etxez etxeko zerbitzuak emaitza onak zituela ikusi zutenean, ordea, geriatriako ziurtagiria ateratzeko formazioa antolatu zuten zerbitzuan lanean ari ginenontzat", azaldu du etxez etxeko langileak.

Etxeberria, berriz, 25 urtez ari da Azpeitiko Bistaeder eguneko zentroan erizain laguntzaile lanean. 1996ko udaberrian ireki zuten lehendabiziko eguneko zentroa herrian, Baigera eraikineko bigarren solairuan. Etxez etxeko zerbitzuari ez bezala, eguneko zentroari aurrera egitea kostatu egin zitzaion, eta ixteko zorian ere izan zela azaldu du Etxeberriak. "Proiektu aitzindaria zen, eta lau erabiltzailerekin jarri zuten martxan, laurak emakumeak, baina orduko pentsakeragatik-edo ez zen erabiltzaile gehiago joaten". Gero, ordea, pixkanaka erabiltzaileak gehitzen joan ziren, eta aurrera egin zuen zerbitzuak, gaur arte. Egun, Julian Elorza hiribidean dago eguneko zentroa, eta 40 erabiltzaile ditu. Orain dela 25 urte Udal Gizarte Zerbitzuak adinekoen zaintzan aritzeko formazio ikastaroa antolatu zuen, eta Etxeberriak izena eman zuen, "lanbidea gustatuko" al zitzaion jakin gabe. Ikastaroa bukatu eta Bistaeder eguneko zentroan hasi zen lanean. Ordutik, beste hainbat ikastaro egin dituela dio, eta egiten duen lana "oso gustukoa" duela.

Etxeberria bezala erizain laguntzailea da Irureta ere, baina San Martin egoitzan egiten du lana; "hamar bat urte" dira lan horretan hasi zela. Erizain laguntzaile ikasketak egin zituen, gero laborategiko ikasketak egin ahal izateko. "Praktikak San Martin egoitzan egin nituen, eta ikasten jarraitu nahi nuelako, laborategiko ikasketak egitera joan nintzen. Ohartu nintzen, ordea, laborategikoa baino gogokoagoa nuela egoitzako lana, eta egoitzara itzuli nintzen lanera", azaldu du Iruretak.

Etxeko langile egoiliarra da Ninoska. Azpeitira etorri aurretik, urtebetez Zumaian adineko gizon bat zaintzen egin zuen lan. Hura hil zenean etorri zen Azpeitira, beste adineko baten etxera; lau urte egin zituen haren etxean. Azken hiru hilabeteetan, adineko emakume baten etxeko langile egoiliarra da.

Lan gogorra, baina polita

Emakumeak dira laurak, adinekoen zaintzako sektoreko langileen ispilua. "Lanbide feminizatua da gurea, ikusezina eta gutxietsia izan dena urte askoan", diote laurek. "Pandemian eta ondoren jende asko egoera oso txarrean eta zaurgarrian aurkitu da, eta badirudi gure lanbidea azalera ateratzen hasi dela", uste du Etxeberriak. Izurritean bizitako egoeragatik, adineko askok okerrera egin dutela diote. Esaterako, hainbat hilabetez eguneko zentroa itxita egon zen, eta "etxean sartuta" egon behar izan zuten adinekoek. Gainera, hango langileak beste herri batzuetako egoitzetara joan ziren lanera. Izurriari aurre egiteko zerbitzuetan hartu zituzten neurriak ere "oso gogorrak" izan zirela diote. "Egun batetik bestera aldatzen zituzten protokoloak, distantziak asko gehitu ziren, sukarrarekin zeudenak isolatu egiten ziren kutsatzeak saihesteko, egoiliarrek ezin zuten atera...", gogoratu du Iruretak.

Ondorio horiek bere lanean gutxien antzeman dituena Ninoska izan da. "Alde horretatik, nik etxean egiten dut lana, eta neurriak ez ziren hainbeste gogortu guretzako. Hori bai, egun zaintzen dudan emakumea ez da kalera irteten, izurritearen ondoren beldur delako".

Gustukoa dute laurek beren lanbidea, lana gogorra izan arren "polita eta esker onekoa" delako. "Emozio aldetik asko xahutzen du, lan psikologikoa eta fisikoa baita zaintzalearena. Horri aurre egiteko bakoitzak aurkitu behar izaten ditu bere bideak: kirola egitea... Pertsonekin egiten dugu lan, eta eguneko zentroan, behintzat, gertuko harremana dugu, familia handi bat gara. Une dibertigarri asko ere pasatzen ditugu", adierazi du Etxeberriak. Behin medikuak esandakoa ekarri du gogora Juezek: "Esan zidan harrigarria dela horrenbeste urtean etxez etxeko zerbitzuan lan egin eta emozio aldetik horren ondo egotea. Esan nion asko hitz egiten dudala eta horrek barrena lasaitzeko balio izaten didala".

Ninoskaren kasua, "bestelakoa" da haren hitzetan: "Beste hirurek talde lanean jarduten dute, eta beren artean hitz egin dezakete laneko kontuez eta. Nik etxe batean egiten dut lan, eta bakarrik nago, etxe horretako familiaren menpe. Badira oso onak diren familia batzuk, eta beste batzuk, aldiz... Niri, zorionez, lanean aritu naizen etxeetan oso jende ona egokitu zait; lagundu egiten didate eta denbora librea eman ere bai –egunean bi ordu eta asteburua–. Ezin ahaztu, ordea, etxeko langile egoiliar batzuk paperik gabe daudela, ikastaroetara joateko denbora librerik ez dutela izaten eta beren poltsikotik ordaindu behar izaten dituztela ikastaroak".

Zaintza zerbitzuetako langileen beharra ezinbestekoa da egun, eta gehiago beharko dira etorkizunean, gizartea zahartzen ari delako. "Gero eta behar handiagoa izango da, denok norabide bera daramagulako. Gu zainduko gaituen jendea ere beharko da gerora", azaldu du Juezek. Ninoskak erantsi duenez, etxeko langile egoiliar asko migratzaileak dira, eta haiek lan egiteko modu hori utzi egingo dute askok "paperak" lortzen dituztenean: "Zaintza lanetan jarraituko dute, agian, baina egoitzaren batean, eguneko zentroan...".

Aurrera begira zaintza zerbitzuak hobetzeko lan egin beharko dela garbi du Etxeberriak. "Kalitatezko zahartzaroarekin pentsatu behar dugu, hau da, zahartzaroa nolakoa izatea nahi dugun. Hori lortzeko egin behar dugu lan, bizitzako azken etapa hori kalitatezkoa, lasaia eta gustura bizitzekoa izan dagigun".