Grand Colombierrek galdera asko utzi ditu!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2023ko uzt. 14a, 18:24
Michal Kwiatkowski, garaipenaren osteko adierazpenak egiten. (@LeTour)

UAEk etapa kontrolatu eta ihesaldiaren jazarpen lana egin du, baina ez da Michal Kwiatkowski etapa garailea harrapatzeko gai izan. Pogacarrek lau segundo kendu dizkio Vingegaard liderrari, eta helmugako marran beste lau segundo lortu ditu, gainsariei esker; 9 segundora du orain Vingegaard liderra.

Grand Colombier mendatetzarrak gauza batzuk argitzea espero bazen, kale. Zain segitu beharko dugu, Pogacarrek Vingegaardi zortzi segundo atera badizkio ere ez baita oso argi geratu zein zen UAE taldearen taktika gaur. Izan ere, lan handia egin dute etapa osoan Pogacarren morroiek. Hogei laguneko ihesaldiak minutu zakua lortu ez zezan, aurrena, baina Laengen eta Bjergi lau minutura egin die ihes ehiztari taldeak. Azken mendatean ere tropela gidatu dute Matxinen mutilek, baina oso kostatuta kendu diote denbora ordurako lasterketa buruan zen Michal Kwiatkowskiri. Hainbesterako, etapa garaipena eta gainsari potoloena ezinezkoka izango zela jabetu direla azkar.

UAEk, gainera, Adam Yates erabili du amu moduan Vingegaard xaxatzeko. Sepp Kuss atera da bere bila, eta ondoren Pogacar eta Vingegaard liderra bera. Pogacarrek 400 metrora jo du eraso bortitza, eta kostatuta izan bada ere, liderra askatu du. Zirimola baten pare, watioak mugitu eta mugitu, lau segundo jan dizkio liderrari eta hirugarren postuan helmugaratu denez, gainsariekin beste lau segundo. 9 segundora dago orain Pogacar, eta asteburuko bi etapak benetan interesgarriak datorzkigu... Pogacarrek berreskuratuko al du lidergoa? Vingegaard Marie Blanquen eman zuen erakustaldia ematen saiatuko da berriro?

Bi hitz Michal Kwiatkowskirentzat. Garaipenez antzu dabil aspaldi poloniarra, Ineos taldeko talde buruentzat lanean, baina klasea oparitzeko lain dauka. Ihesaldi onean sartu da, eta bere martxan ekin dio Grand Colombier gaiztoari, igoerako bosgarren kilometrotik aurrera buruan zihoazen Van Gils, Tejada eta beste harrapatu, erasoa jo eta mendateko azken hamabi kilometroak bakarrik eginda. Garaipen dotorea benetan!

Biharkoa etapa erabakigarria izan bide da: Annemasse-Morzine, 152 kilometro eta zerra baten pareko profila! 4.000 metroko desnibel metatua du, eta bost mendate: hirugarren mailako bat, eguneko lehena ihesaldia osatzeko: lehen mailako hiru, bata bestearen atzetik (Cou, Feu eta Ramaz); eta maila bereziko Joux-Plane ezaguna. Tourreko historia orri asko idatzi dira Joux-Planen, bai gorantz, baita beherantz ere. 11,6 kilometro da luze Joux-Plane, eta %8,5eko  batez besteko pendiza du, azken bostak %9tik gora segidan.