Yon Gonzalez eta Joseba Lizarralde dira ISBren lehen bi taldeetako entrenatzaileak

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 8a, 10:47

Yon Gonzalez tolosarra da Juaristi ISBren entrenatzaile berria. (ISB)

Gonzalez Mikel Odriozolaren laguntzailea izan zen iaz gizonen taldean. Rubiok, berriz, bigarren urtea egingo dute emakumeen taldea zuzentzen. Zilarrezko LEB Ligan arituko da Juaristi ISB eta Bigarren Mailan jokatuko du Domusa Teknik ISBk.

Iraurgi saskibaloi kluba 2023-2024 denboraldia marrazten hasi da Ibon Guridi kirol zuzendari berriaren aginduetara. Atzo, ostirala, iragarri zituen gizonen zein emakumeen lehen taldeetako entrenatzaileak zein izango diren. Juaristi ISBren entrenatzailea Yon Gonzalez tolosarra izango da, eta Domusa Teknik ISB zuzentzen jarraituko du beste urte batez Joseba Lizarralde Rubiok. 

Gonzalezi ez zaio arrotza egingo Juaristi ISBren aulkia zuzentzea; izan ere, joan den denboraldian Mikel Odriozola entrenatzailearen laguntzailea izan zen hura; tolosarrak bigarren denboraldia osatuko du hala ISBn. Rubiok, bestalde, bigarren denboraldia egingo du ISBko emakumeen lehen taldea zuzentzen. 

Amaitu berria den denboraldian ISBren lehen bi taldeek galdu zuten maila, eta hori horrela, Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Ligan jokatuko du datorren denboraldian. Domusa Teknik ISB, berriz, Bigarren Mailan arituko da. 

Joseba Lizarralde 'Rubio'-k bigarren denboraldia egingo du emakumeen taldean. (ISB)