Kaixo Tadej, Jonas naiz! Jonas Vingegaard!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2023ko uzt. 5a, 17:59

Danimarkarrak Pogacar txikitu du Marie-Blanquen, aise, eta minutu pasatxo sartu dio esloveniarrari; etapa ederra egin du, bide batez, Jai Hindley garaileak, eta podiuma lortzeko borrokan sartu da bete-betean.

Jonas Vingegaard Tourra erabakitzen hasi da, erabaki ez badu. Kolpe latza eman dio lasterketari, Marie-Blanque tentean Pogacar aurkari zuzena atzeratuz, eta minutu pasatxoko errenta lortuz. Minutu bat ez da ezer, Tourra hasi besterik ez dela egin aintzat hartuz, baina sentsazioak danimarkarraren oso aldekoak dira. Bikingoak Marie-Blanque mendate gogorreko gainetik bi kilometro eskasera jo du, eta Pogacarrek bere gurpila jarraitzeko imintziorik txikiena ere ez du egin, ezinak jota. Are okerrago, minutua sartu dio bospasei minutuko tartean, eta horrek esan nahi du Vingegaard oso indartsu dagoela, bere aurkari zuzena baino askoz ere indartsuago.

Marie-Blanquek eta Zurdaitek min handia egin dute. Erritmo eroan korritu da etapa osoa, eta ihesaldia osatu arte akabatu beharrean egin du bidea tropelak. 36 lagunek egin dute ihes, eta tartean, txirrindulari benetan arriskutsuak sartu dira, sailkapen nagusiari begira. Batez ere Jai Hindley australiarra. Bidea egin dute, batez ere Van Aert lokomotora ere ihesaldian sartu delako. Lau minutuko errenta lortu dute, eta Jumbok pastel guztia UAEri pasatu dio. Laengen eta Bjerg erre ditu Matxinen taldeak, baina aurrean bizi zihoazen, eta Hindleyk bere indarra baliatu du Marie-Blanquen iheslagun denak atzean utzi eta garaipen dotorea lortzeko Laruntzen. Etapa, eta lidergoa ere bai. Maillot horia zail izango du aussieak, baina podiumera igotzeko boleto asko erosi ditu gaur Bora taldekoak.

Vingegaardek errematea eman du, baina Jumbok lan bikaina egin du, ihesaldian odol garbiko hiru zaldi sartuta: Van Aert, Benoot eta Laporte. Van Aertek etapa nahi zuen, baina ez du hankarik izan, eta barrena hustuta ere, azken mesedea egin dio bere liderrari Marie-Blanquen, 300 metroko erreleboa emanda. Sepp Kussek hartu dio txanda eta hiru bakarrik geratu dira tropel buruan: Kuss bera, Vingegaard eta Pogacar. Oharkabean jo du Jonasek, eta agur. Kito Pogacar, ezinean helmugaraino.

Zulo handiak izan dira Laruntzen. 1:05 galdu du Pogacarrek Vingegaardekiko, eta Landak eta Bilbaok ia 3 minutu. Landari, eta beste askori, oso zail jarri zaie podiuma, eta arriskatzeko premian daude. Bihartik hasita, Pirinioetako bigarren etapan: Tarbe-Cauterets Le Cambasque. 145 kilometro baino ez, baina lehen mailako Aspin eta Le Cambasque, eta Tourmalet mitikoa tartean. Pogacar basurde amorratuaren pare  egongo da, baina Jumbok dinamita asko dauka taldean. Erne, Hindley bezala gaur, ezustean nagusian ondo aritu litezkeen lagunak ihesaldi onean sartzen ez badira. Gaur adina gozatuko dugu.