Philipsenek erakutsi du gandorra

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2023ko uzt. 3a, 18:30
(Argazkia: Aritz Mutiozabal)

Herbehereetako esprinterra nagusitu da Baionan, Mathieu Van der Poelek egin dion bideratzaile lan bikainari esker. Euskal Herriko hirugarren etapa zozo samarra izan da.

Dozena erdi esprint jokatuko dira Tourrean, eta lehen garaileak badu izena: Jasper Philipsen. Herbehereetarrak ezin hobe baliatu du Mathieu Van der Poel basapiztiak egin dion bideratzaile lana, eta garaileak erremate ona eman dio 200 metroko esprintean. Van Aert parean izan du une batez Philipsenek, baina azti jokatu du Jumbokoari bidea ixten araurik hautsi gabe, eta indartsuago bukatu du esprinta Alpecin taldekoak. Bauhaus izan da bigarren, eta Ewan hirugarren.

Etapa, bestelakoan, zozo samarra izan da, Euskal Herrian jokatu diren hiruretan zozoena zalantzarik gabe. Aurreikusteko modukoa zen, gaurko ibilbideak ez baitzeukan zalaparta sortzeko tranpatxorik. Etapa hasi eta berehala egin dute ihes Neilson Powlessek eta Floriant Pichonek, baina porrotera kondenatuta zegoen saiakera zen. Powless geratu egin da, gainera, Trabakua, Milloi, Itziar eta Orioko Benta mendatetxoetan puntuak hartu ostean, eta Pichon Baionako helmugatik 35 kilometrora harrapatu du tropelak, nahieran.

Esprintean, Alpecin taldearen lan ona. Errematea, noski, Philipsenek, baina garaipen erdia Van der Poelena. Bihar bigarrena lortzeko aukera izango dute gaurko protagonistek, erabat laua baita Akize eta Nogaro arteko etapa, laugarrena: 182 kilometro lau.