Urrestillako sanjoanak 2023

Susto eta guzti, bukatu dira sanjoanak

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2023ko eka. 27a, 10:30

Ostiraletik plazaren erdian zutik zegoen lizarra botatzeko garaian gertatu zen ezbeharra; zuhaitza ezohiko aldera erori zen, elizako eskaileretara hain zuzen. Sustoa handia izan zen, baina inork ez zuen minik hartu eta normaltasunez bukatu zituzten festak.

San Joan Hirugarrena ere ospatuta, aurtengoz bukatutzat eman dituzte Urrestillako festak. Ostiral arratsaldeaz geroztik, ia etenik gabeko egitarauaren mende ibili dira auzotarrak, atseden hartzeko eta lo orduak errekuperatzeko asti handirik gabe, baina festek iraun duten bitartean plaza erdian tente asko egon den lizarra botata, atzo iluntzean agurtu zituzten aurtengo sanjoanak.

Hori bai, une hartan plazan zeuden herritarrei gorputzaldi eskasa utzi zien agurra izan zen atzokoa. Ohi bezala, Mikel Larrañaga aizkolaria joan zen zuhaitza botatzera, eta zenbat aizkorakadatan botako zuen, hori zen herritarren galdera. 11.ena eta gero, ordea, zuhaitza balantzan hasi eta ezohiko aldera erori zen, elizako eskaileren aldera. Han eserita zeuden gehienek zuhaitza erortzerako alde egitea lortu zuten arren, eta inork minik hartu ez zuen arren, sustoa handia izan zen. Hala ere, minutu batzuk pasatuta, festak normaltasunez bukatu zituzten, ume zein heldu, lizarra bizkarrean zutela herrian barrena bueltatxoa emanda.  

Aurrez, 17:00etan hasita, ume jolasak egin zituzten, eta 18:30etik aurrera, patata tortilla lehiaketa. Hamasei tortilla aurkeztu zituzten lehiaketara, banaka, binaka edo taldeka eginak, eta denetan onena Sarai Aranburuk egindakoa zegoela ebatzi zuen epaimahaiak.