Herriko eragiletako kideekin bilera egingo dute udal ordezkariek ostegunean

Julene Frantzesena 2023ko eka. 27a, 09:00
2017an ere egin zuten udal ordezkariek herriko eragileetako kideekin bilera. (Azpeitiko Udala)

Besteak beste, udal antolaketa berriaz azalpenak emateko, eragileetako nahiz udaleko ordezkariak elkar ezagutzeko eta iritziak trukatzeko antolatu dute bilkura. 19:00etan izango da, Sanagustin kulturgunean.

Udal Gobernuko kideek askotariko arloetan aritzen diren herriko eragileetako ordezkariekin bilera egingo dute ostegunean, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Besteak beste, udal antolaketa berriaz azalpenak emateko, eragileetako nahiz udaleko ordezkariak elkar ezagutzeko eta iritziak trukatzeko antolatu dute bilkura, eta azaldu dutenez, edonork izango du saioan parte hartzeko aukera.

Atzoko udalbatzarrean egin zituzten 2023-2027 agintaldirako udal arduren banaketa eta kideen izendapenak –Uztarria.eus-ek laster emango du horien berri–, eta dagoeneko martxan da agintaldi berria. Horregatik, udalean eratu dituzten batzordeen gaineko azalpenak eman eta horietako bakoitzeko arduradunak zein diren azalduko dute bileran.