Urrestillako sanjoanak 2023

Txikuri pilotalekua areto dantzen plaza bihurtu da beste behin

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 26a, 10:25

Angel Oiarzabalen dantza eskolako ikasleek areto dantzen erakustaldia egin dute. Salsa, bachata, txa-txa-txa eta kizomba doinuetara mugitu dituzte gorputzak, dozenaka herritar harmailetatik begira zituztela. Gaur, San Joan Hirugarrena, festetako azken eguna izango da. 17:00etan hasita, jolasetan ibiltzeko aukera izango dute umeek; 18:30ean hasita, patata tortilla lehiaketa egingo dute; eta horren ostean, zuhaitzaren entierroa egingo dute, festak bukatzeko.

Atzo San Joan Txiki, festarako gogoz jarraitzen zuten artean urrestildarrek. Eguerdiko sagardo dastaketaren ostean, mus txapelketa jokatu zuten helduek, baina eta umeak izan ziren arratsaldeko benetako protagonistak. Puzgarrietan ibiltzeko aukera izan zuten haiek eta baita merienda ederra egitekoa ere.

Iluntze aldera, berriz, dagoeneko sanjoanetan ohikoa den emanaldia izan zen frontoian: areto dantzen saioa Angel Oiarzabalen AGL dantza eskolako ikasleen eskutik. 20:30ean hasita, salsa, bachata, txa-txa-txa eta kizomba doinuetara gorputzak dotore asko mugitu zituzten denek, eta dozenaka herritar egon ziren haiei begira, pilotalekuko harmailak leporaino zirela. Jaialdiaren bukaera aldera une hunkigarriak ere izan ziren, ikasleetako batek Oiarzabali emandako sorpresatxo bat tarteko.

Gaur, astelehena, San Joan Hirugarrena ospatuko dute Urrestillan. Gaurkoarekin bukatuko dituzte aurtengo sanjoanak, eta horregatik, saiatuko dira bukaera txukuna ematen. 17:00etan hasita, jolasetan ibiltzeko aukera izango dute umeek; 18:30ean hasita, patata tortilla lehiaketa egingo dute; eta horren ostean, zuhaitzaren entierroa egingo dute, festak bukatzeko.