Azpeitiak ezin izan du Oiartzun mendean hartu

Julene Frantzesena - Aitziber Arzallus 2023ko eka. 24a, 20:00

Azpeitiak Oiartzun izan du aurkari gaur arratsaldean Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu duten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean. Ilunpeko pilotariak gogotik saiatu diren arren, hiru partidatatik bakarra irabazi dute. Horrenbestez, txapelik gabe eta iazko arantza oraindik barruan dutela bueltatuko dira etxera.

Azpeitiak ez du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean Oiartzun mendean hartzerik lortu. Partida bat irabazi eta bi galdu dituzte Ilunpeko pilotariak, eta horrenbestez, Donostiako Atano III.a pilotalekutik irabazlearen txapelik gabe itzuliko dira herrira. Hala ere, ez dago esaterik saiatu ez direnik; lehia eta emozio handiko handiko finala izan da eta bukaeraraino borrokatu dute azpeitiarrek. Pena izan da txapelketa guztian zehar egin duen lan bikainari ginga jartzerik lortu ez izana, eta iazko finalean gelditutako arantzak ere hor jarraituko du gutxienez beste urtebetez –txapeldunorde izan zen Oiartzunen kontrako finala galduta–.

16:30ean hasi dira gaurko partidak. Kadete mailako pilotarien txanda izan da aurrena, eta azpeitiarrei partidan sartzea kostatu bazaie ere, garaipena eskuratu dute Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek. Hain zuzen ere, Manex Olaizek eta Aitor Etxeberriak nagusitasunez hasi dute neurketa, baina Azpeitiak hamar tantora iritsi baino lehen lortu du partida bideratzea. Zehazki, 8-9 jarri dira aurretik Sarasua eta Artetxe lehen aldiz, eta bidea urratzen segituta, 14 eta 22 irabazi dute norgehiagoka.

Bigarren partidan Beñat Labakak eta Beñat Ezamak ordezkatu dute Azpeitia, eta Oier Zabaletak eta Mikel Leonetek, berriz, Oiartzun. Partida estua izango zela aurreikusten zen, eta halaxe izan da erdi bidera arte. Azpeitiak hasieran abantaila lortu badu ere, Oiartzun berehala arrimatu zaio markagailuan, eta 9na berdindu dute. Hurrengo tantoetan ere Azpeitiak aurrera egin du, baina Oiartzun berehala iritsi da parera: 15na berdindu dute. Partida irauli egin da ordutik aurrera, eta Azpeitiko pilotariak saiatu badira ere, Oiartzungoak izan dira nagusi: 17 eta 22 bukatu da partida.

Hirugarren partidara dena erabakitzeko zela iritsi dira Iker Egiguren eta Josu Labaka Azpeitiko eta Oihan Etxeberria eta Unax Landa Oiartzungo pilotariak. Ez dute izan erantzukizun makala; izan ere, aski jakina zen dena hirugarren partidan erabakiko zela. Partidari erraz ekin diote azpeitiarrek, sei tanto erreskan eginda, oiartzuarrei markagailua estreinatzeko aukerarik ere eman gabe. Ondoren, hiru jarraian egin dituzte oiartzungo pilotariek, eta 7an berdindu dute lehendabiziko aldiz. Hortik aurrera, estutu egin da lehia eta 8. tantoan, 11.ean eta 13.ean berdindu dute berriz. Baina nekeak eta oiartzuarren joko onak eraginda, azpeitiarrei finala oso maldan gora jartzen hasi zaie, oiartzuarrak zuloa handitzen joan dira, eta azkenean, 22 eta 16 irabazi dute partida.

Harmailetan ezohiko irudia izan da, gainera, gaurkoan. Izan ere, gorri eta urdin koloreak izan dira nagusi, Gipuzkoako Pilota Federazioak kamisetak banatu baitizkiete bi herrietako zaleei partidak hasterako. Bi herrietako pilotazaleek gogotik animatu dituzte pilotariak.

Azpeitiak gaur jokatu duena Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako hamalaugarren finala izan da, eta zortzi txapel ere baditu 2004an, 2008an, 2010ean, 2015ean, 2016an, 2017an, 2018an eta 2021ean irabazitakoak.

Finalak ikusgai, bihar

Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak zuzenean eman dute finala, Atano III.a pilotalekutik. Iñaki Elorza Txapasek eta Iban Otaegi Beixema pilotari ohiak gidatu dute saioa. Bihar izango da ikusgai finala webgune honetan.

(Argazkiak: Julen Imaz)