Urrestillako sanjoanak 2023

Joanes Antxieta zirenei omenaldia eginda, San Joan egunean murgilduta dira urrestildarrak

Julene Frantzesena 2023ko eka. 24a, 15:34

Antxietarren herritartasun aldarria izenburupean, Joanes Antxieta musikaria eta Joanes Antxieta eskultorea Urrestillan sortu zirela gogoraratzeko ekitaldia gauzatu dute eguerdian. Atzo hasi zituzten festak, eta datozen orduetan ere izango da zer egin eta zer goza Urrestillako sanjoanetan.

Urrestillan festa egun handia dute gaur. Izan ere, gauerdian zuhaitza sartuta, sanjoanetan murgilduta dira herritarrak, eta gaur, San Joan eguna ari dira ospatzen. Goizean hasi dira festa giroan murgiltzen, herriko trikitilari gaztetxoek eta buruhandiek egin duten kalejirarekin. Gainera, ondoren, mezaren aurretik, Udal Musika Bandak lagunduta prozesioa egin dute herritar ugarik.

Aurtengoan ekitaldi berezi bat ere egin dute Urrestillan, herritar talde batek antolatuta. Hain zuzen ere, Antxietarren herritartasun aldarria izenburupean, Joanes Antxieta musikaria eta Joanes Antxieta eskultorea Urrestillan sortu zirela gogoraratzeko ekitaldia gauzatu dute. Haren oroimenezko plaka harri dute Antxieta plazaren barrenean, Antxieta elkartetik oso gertu.

Plakaren ondoan San Joan lorez egindako sortak utzi dituzte herriko haurrek, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta Urrestillako Parrokiako Abesbatzako kideek. Gainera, ekitaldian buruhandiek dantza egin dute –tartean Joanes Antxieta irudikatzen duenak–, Udal Musika Bandaren doinuek lagunduta, eta txistulariek pieza bat ere eskaini dute. Aurretik, mezan, gainera, Antxieta musikariaren O bone Jesu abestu du koruak.

Ekitaldian herritar ugari izan dira, eta hura bukatzean, plazan bertan mokadua egiteko aukera izan dute horiek, eguzkiarengandik babesteko jarri dituzten karpen azpian.

Datozen orduetan eta egunetan ere izango da ekitaldirik Urrestillan. Gaur, esaterako, Deñe, Gabezin eta Ukabil taldeen kontzertuak izango dira, 18:00etan hasita. Ondoren, DJ Lizartxo ariko da musika jartzen. Bihar, berriz, San Joan Txiki eguna ospatuko dute urrestildarrek, eta besteak beste, sagardo dastaketa, mus txapelketa, puzgarriak, merienda eta AGL dantzak izango dira. Astelehenean, San Joan Hirugarrenean, arratsaldean egingo dituzte festetako azken ekitaldiak: umeentzako jolasak eta patata tortilla lehiaketa.