Urrestillako sanjoanak 2023

Zuhaitza sartuta, festetan murgildu dira urrestildarrak

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 24a, 10:00

Festen hasierako suziria bota, urtebetean herrian jaio diren umeei ongietorria egin eta herri afaria egin dute ia 300 lagunek. Zuhaitza sartutakoan, berriz, suaren bueltan dantzan jardun dira herritarrak, eta ondoren, baita Laket taldearen doinuetara ere.

San Joan bezpera ia toki guztietan ospatzen da, baina batez ere Urrestillan, auzoko festen hasiera izaten baita. Egitarauan lehendabiziko jarduera izan ohi den pregoi irakurtzea eta suziri botatzea 21:00etarako zegoen iragarria, baina dezentez lehenagotik jendetza zebilen kalean. Nabaria zen jendea festarako gogoz zela.

Ordua jotzearekin bat bota zuten suziria, eta herri afarirako eseri aurretik, iazko San Joanetatik aurtengoetara bitartean auzoan jaio diren hiru haurrei ongietorria egin zieten. Ondoren, 170 helduk eta 100 umek plazan afaldu zuten, giro ederrean.

Gaurdia urreratu ahala, zuhaitz sartzea prestatzen hasi ziren auzotarrak, eta aparteko arazorik gabe, tente askorik jarri zuten festa bukatu artean plazaren erdi erdian egongo zen zuhaitza. Jarraian, San Joan sua piztu zuten frontoiaren ondoan, eta dozenaka izan ziren suaren bueltan dantzan aritu ziren herritarrak.

Behin sua itzalita, Laket taldeak hartu zuen erreleboa plazako agertokian, eta haren erromeria saioaz eta festaz gozatu zuten Urrestildarrek eta atzo gauean hara bertaratu ziren gainontzeko herritarrek.