Igandean jokatuko dituzte Euskal Herriko skate txapelketak

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 23a, 10:08
Ume bat skatean Izarraitz skate parkean (YK Riders)

Izarraitz skate parkearen lehen urteurrenaren ospakizunen barruan ziren Euskal Herriko skate txapelketak jokatzekoak, baina euria tarteko, sariketak atzeratzea erabaki zuen federazioak. Igandean berrartuko dute lehia. Gaztetxoen txapelketa 10:00etan hasiko da, eta 16:00etan nagusiena.

Igandean, ekainaren 25ean, jokatuko dituzte izatez ekainaren 11n jokatzekoak ziren Euskal Herriko skate txapelketak. Azpeitiko Izarraitz skate parkeak hartuko du lehia egun osoan zehar. 

Goizean, federatu gabeko umeen eta gaztetxoen txapelketak jokatuko dituzte, 10:00etan hasita. Arratsaldean federatuen txapelketak jokatuko dituzte, eta lehia 16:00 aldera hastea aurreikusten dute antolatzaileek. Ekainaren 11n hamabost kirolari federatu ziren lehiatzekoak, eta horiek izango dira igandean txapelketak jokatuko dituztenak. 

Izarraitz skate parkearen lehen urteurrenaren ospakizunen barruan –ekainaren 11n– ziren Euskal Herriko skate txapelketak jokatzekoak, baina euriak zapuztu egin zituen Arauntza eta YK Riders antolatzaileen eta federazioaren asmoak. Federazioak horrela erabakita, ekainaren 25ean jokatuko dituzte sariketak.