Diziplina askotako zortzi proiektu garatuko dituzte Sormen Bekekin

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 22a, 15:33

Atzo Dinamoan elkartu ziren beka jaso dutenetako batzuk eta beken sustatzaileak. (Aitziber Arzallus)

21 egitasmo aurkeztu dituzte aurten Azpeitiko Sormen Beketara, eta horietatik zortzi izan dira hautatuak. Bi sortzailek egonaldiak egingo dituzte Dinamoa sormen gunean, eta beste seik proiektuak garatuko dituzte.

Atzo jakinarazi zuten nortzuk izango diren aurten Sormen Bekak jasoko dituzten sortzaileak. Dinamoa sormen gunean egin zuten diruz lagunduko dituzten egitasmoen aurkezpena, Kulturaz kooperatibako eta udaleko ordezkariak eta beka jasoko duten sortzaileetako zenbait bertan zirela. 21 proiektu aurkeztu dituzte aurten, iaz baino zazpi gutxiago, baina, hala ere, "proiektu asko", Leire Goenaga zinegotziaren hitzetan. 

Aurten ere zortzi proiektu lagunduko dituzte bi erakundeek: bi sormen egonaldien modalitatera aurkeztutakoak dira –4.000 euro jasoko ditu bakoitzak–, eta gainerako seiak sormen prozesuen modalitatera aurkeztutakoak dira –12.000 euro banatuko dituzte sei lanen artean–. Guztira, beraz, 20.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hautatuak izan diren proiektuek, eta sortzaileek eskura izango dituzte herriko kultur azpiegiturak –Dinamoa sormen gunea, Soreasu antzokia eta Sanagustin kulturgunea, besteak beste–, baita Kulturaz kooperatibako kideen bidelaguntza ere.
    
Sormen Bekek udalarentzat duten garrantzia nabarmenduz hasi zuen hitzartzea Goenaga zinegotziak. "Azpeitiko Udalarentzat beka hauek oso garrantzitsuak dira kultur mugimenduan eta sorkuntzan eragiteko", eta horren isla da urtez urte izan duten bilakaera. Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak 2016. urtean sortu zituzten Sormen Bekak eta harrezkero asko izan dira urtez urte beken deialdietara aurkeztu diren taldeak eta norbanakoak, eta horietako hainbat euren proiektuak garatzeko laguntza jaso dutenak. Lehen urteetan, 6.000 euro banatzen zituzten bekadun guztien arten; gerora, aurrekontua bikoiztea eta 12.000 euro banatzea erabaki zuten; eta azken urteotan, berriz, 20.000 eurorekin laguntzen dituzte hautatutako  sormen proiektuak.

Diziplina ugari

Beka jasoko dutenen artean, azpeitiarrak dira lau: Iosu Azkue, Felipe Murillo, Patxi Juaristi eta Enok Sudupe. Azkuek neurri naturala izango duen marmolezko eskultura bat egitea du helburu. Azpeitiko emakumeei omenaldia izango da Azkuek egingo duen lana, urteetan emakumeek egindako zaintza lanen aitortza gisa. 

Murillok harremanen inguruko eleberri bat idatziko du. "Gizontasunaren inguruko artefaktu bat, aitatasunaren errebisio bat, maskulinitatea eta zaintzaren arteko zubiak eraikitzeko aitzakia bat. Harremanen ertzak arakatuko ditu eta protagonistak hainbat gorabeherei egin beharko die aurre". 

Juaristik Hormatik zuntzera proiektuan stencil edo txantiloi teknika erabiliz jorratutako lanak zuntzera pasatzeko helburua du. Spray eta txantiloietatik haratago, serigrafia, tinta, grafitoa eta akrilikoa gisako materialak eta teknikak paperean, kartoian, mihisean eta beste hainbat euskarritan aplikatuko ditu.
 
Sudupek azpeitiarraren Hau holaxeenk proiektua irudimenetik ekintzetara pasatuko du, herriko kontuak abiapuntu hartuta. Ekintza plan bat diseinatu eta exekutatzea du helburu. Izen berarekin 2013-2020 artean Uztarria aldizkarian publikatutako eta argitaratu gabeko irudi batzuk gorpuztuko ditu.

Paula Huartek Esquejes proiektua garatuko du. Zeramika lantzen du eta loturan, irudien segidan, oinarritutako eraikuntza modu bat planteatzen du. "Normalean instintiboki gertatzen den ekintza baten garapen kontzientea da nire asmoa. Geldialdi bat obra baten sortze prozesuan, aldi berean beste baten sorburu bihurtuko dena".

Usua Martinezek tebeo formatuan pertsonaia finko batzuei buruzko kontakizunak egingo ditu. Alison Bechdelen Dykes to watch out for hartuko du erreferentziatzat, eta bollera komunitate baten bizipenak eta tirabirak kontatzen ditu.

Bi egonaldi ere bai

Iker Gozategik garrasiaren bilakaera eta aldaerak ikertuko ditu Dinamoa sormen gunean egingo duen egonaldian. "Bizkarreratzen dugun historia, kultura, arraza edo genero ikuspuntuetatik, ezberdinak dira garrasi ohiturak, baina gizaki zein animalia gehienak batzen gaituen kontzeptu unibertsala da orrua egitearena", eta hori ikertuko du artistak.

Azkenik, Leire Lakunzak Azpeitiko Parrokiako Bakardadearen Kaperako pintura errenazentisten gainean zuzeneko argi eta soinu esku hartzeak egingo ditu bere sormen egonaldian, Laino zerratu bat izeneko proiektuan.