Urrestillako sanjoanak 2023

Bihar amaituko da Urrestillako patata tortilla lehiaketan izena emateko epea

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 21a, 12:51

2017ko patata tortilla lehiaketa. (Uztarria)

Ekainaren 26an, 18:00etan, egingo dute lehiaketa elizako zimitorioan. Urrestillako Festa Batzordeak jarriko ditu sua, bonbona, arrautzak, patatak, olioa eta gatza. Zartagina eta bakoitzak tortillari gehitu nahi dion edozer produktu eraman beharko dituzte parte hartzaileek.

Udaren hasierarekin batera datoz sanjoanak, eta urrestildarrek egitarau oparoa prestatu dute festa egunetarako.

Aurtengo jaiak amaitzeko egingo duten zuhaitzaren entierroaren aurretik, patata tortilla lehiaketa izango da elizako zimitorioan. Ekainaren 26an, San Joan hirugarrenez, egingo dute lehiaketa, 18:00etan hasita.

Tortilla prestatzeko 45 minutuko tartea izango dute parte hartzaileek, eta Urrestillako Festa Batzordeak jarriko ditu sua, bonbona, arrautzak, patatak, olioa eta gatza. Horrez gain, bakoitzak eraman beharko ditu bere zartagina eta tortillari gehitu nahi dion edozer produktu.

Izen ematea

Banaka, binaka edo hirunaka eman daiteke lehiaketarako izena, eta 14 urtetik beherakoek heldu batekin hartu beharko dute parte. Izena emateko modu ugari daude: Lurdesenean, 626 83 93 88 telefonora deituta, Urrestillako Festa Batzordearen Facebooketik eta Instagram bidez, @urrustilkofb kontura idatzita. Bihar, ekainak 22, izango da izena emateko azken eguna.