Urrestillako sanjoanak 2023

Urrestillako San Joan Herri Krosa, bideoan

Oier Arregi eta Ihintza Elustondo 2023ko eka. 18a, 13:23

Urrestillako San Joan festen atarian, XIX. San Joan Herri Krosa jokatu zuten atzo, eta han hartutako irudiekin eta parte hartzaileen esanekin osatutako bideoa da honako hau.

Urrestillako San Joan festen atarian, trumoi eta tximista artean jokatu zuten XIX. San Joan Herri Krosa atzo, Urrestillako Festa Batzordeak antolatuta, eta korrikalariak ere tximistak bezala aritu ziren lasterka. Helduen proba nagusian, Aitor Mimenza eta Maite Etxezarreta nagusitu ziren, alde handiarekin. Gizonetan, Farid El Idrissi sailkatu zen bigarren postuan, eta Marcos Zaldibia hirugarren. Emakumeetan, berriz, Onintza Zeberio izan zen bigarrena, eta Nerea Etxeberria hirugarrena.

Helduen proba 18:00etan hasi zen arren, aurretik haurren eta gaztetxoen lasterketak izan ziren Urrestillan, eta haur ugarik parte hartu zuten horietan. 17:00etan hasi zituzten proba horiek, eta adin tarteka banatuta aritu ziren korrika. Haur eta gaztetxo ugarik parte hartu zuten krosean, eta pozik agertu ziren horiek korrika egin ostean, nahiz eta askok goitik behera blai eginda amaitu zuten proba. 

Trumoiak eta tximistak ez zituen kikildu, beraz, Urrestillara bertaratu ziren korrikalariak, eta giro ederrean egin zuten San Joan jaien atariko herri krosa.