Azpeitiko Udalak "gogor salatu" du Bilboko hilketa matxista

Nerea Uranga 2023ko eka. 16a, 15:47

Azpeitiko udaletxea.

Bilbon 89 urteko emakume bat hil dute, labanaz. 28 urteko gizonezko bat atxilotu dute, hilketaren egilea delakoan. Azpeitiko Udalak mugimendu feministak hilketa gaitzesteko deitzen dituen deialdietan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Atzo 89 urteko emakume bat hil zuten Bilbon, labanaz. 28 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak hilketaren egilea delakoan. Azpeitiko Udalak hilketa matxista salatu du, eta hildakoaren senitartekoei nahiz gertukoei bere elkartasuna adierazi die. Horrez gainera, hilketa salatzeko mugimendu feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela azaldu du udalak.

Indarkeria matxista "gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik" sortutako "arazo larria" da gizartean. Azpeitiko Udalak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi du, "ez Azpeitian ezta beste inon ere". Urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea "herritar guztien ardura" ere badela gogorarazi du.

Erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edota larrialdi zerbitzuetara dei dezaketela gogorarazi die udalak herritarrei. Erasoren baten aurrean, honako telefono zenbakietara deitu daiteke:

  • Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13.
  • Ertzaintza: 943-08 37 8.
  • Larrialdi Zerbitzuak: 112.
  • Udaleko Gizarte Zerbitzuak: 943-15 72 92.
  • Emakume Txokoa: 688 75 10 00.