Bihar hasiko dituzte haurrei eta nerabeei zuzendutako asteko ekintzak

Julene Frantzesena 2023ko eka. 12a, 12:33

Iazko Gazteak eta Musika egitasmoko irudi bat. (Kulturaz)

Txiki eta Txiki Txoko ludotekek nahiz Gaztelekuak askotariko ekintzak antolatu dituzte bihartik ostirala bitarterako. Besteak beste, abestiaren aurkezpena, karaokea, haurrentzat jolasak, mendi irteera, futbito txapelketa eta Gazteak eta Musika egitasmoa egingo dituzte egun horietan. Ekintza ia guztietarako ez da aurrez izena eman beharko.

Haurrei eta nerabeei zuzendutako astea antolatu dute aurten lehen aldiz Txiki eta Txiki Txoko ludotekek nahiz Gaztelekuak, eta bihar, asteartearekin, hasiko dira ekintzak gauzatzen.

Askotariko ekintzak egingo dituzte ostirala bitartean, udal gazteria zerbitzuak herrira zabaltzeko xedez. Besteak beste, abestiaren aurkezpena, karaokea, haurrentzat jolasak, mendi irteera, futbito txapelketa eta Gazteak eta Musika egitasmoa egingo dituzte egun horietan.

Ekintzetako batzuk haurrei zuzendutakoak izango dira, Xalto Xaltuek! izenpean gauzatuko dituztenak. Bihar, adibidez, txupinazoa, abestiaren aurkezpena eta karaokea egingo dituzte 17:30ean hasita, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Etzi, berriz, haurrentzako jolasak egingo dituzte leku eta ordu berean, eta ostegunean, Txalintxora mendi irteera gauzatuko dute, 16:00etan abiatuta.

Nerabeei zuzendutako Gazte Ekintzak, berriz, ostegunean eta ostiralean egingo dituzte. Ostegunean futbito txapelketa izango da Garmendipe futbol zelaian, 17:00etatik aurrera. Ostiralean, bestalde, Gazteak eta Musika egitasmoa gauzatuko dute Sanagustin kulturgunean, 17:30ean hasita; hitzaldia, Granaitox DJaren emanaldia, herriko gazteen kontzertuak eta Bombax DJaren saioa izango dira.

Haurrei zuzendutako ekintzak ludoteketako hezitzaileek bideratuko dituzte, baina gurasoen ardurapean egon beharko dute parte hartzaileek. Ekintzetan parte hartzeko, baina, ez da aurrez izenik eman beharko. Hori bai, osteguneko nerabeen futbito txapelketan parte hartzeko izena eman beharko dute hala nahi duten nerabeek.