Sanjuandegiko festak 2023

Festetan jazotako eraso matxisten kontra elkarretaratzera deitu dute biharko

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 6a, 17:28
Aurtengo Sanjuandegiko festetako une bat. (Aitziber Arzallus)

Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak egin dute mobilizatzeko deia. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean, Jose Antonio Agirre plazan egingo dute protesta bihar, asteazkena, 19:30ean hasita.

Azpeitiko Udalak ez ezik, Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak ere izan dute Sanjuandegiko festetan izan diren eraso matxisten berri, eta horien inguruan ohar bateratua kaleratu berri dute. Gertakariak salatzeaz eta erasotuei elkartasuna eta babesa adierazteaz gainera, elkarretaratzera dei egin dute bihar arratsalderako. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean, Jose Antonio Agirre plazan egingo dute protesta, 19:30ean hasita.

Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak ohar bidez jakinarazi dutenez, "mota desberdinetako indarkeria matxista kasu ugari" izan dira Sanjuandegiko festetan: "Jarraipenak, jazarpen fisiko nahiz berbalak, intimidazioak eta abar". Horrela, gutxienez bi kasuri erantzuteko festetako protokoloa aktibatu dutela esan dute.

Urola Erdiko Itaiaren eta Xanjuandegiko Festa Batzordearen arabera, "saldu nahi diguten horretatik urrun, oraindik ere gure aurkako erasoek errealitate izaten jarraitzen dute, eta Sanjuandegiko festetan hainbeste eraso gertatzea horren erakusle da, egoera kezkagarrian aurkitzen garenaren isla". Gainera, era horretako erasoak jai giroan ugaritu egiten direla gaitzetsi dute, eta ez hori bakarrik, baita jaien testuinguruan eraso matxistek inpunitatea irabazten dutela ere; "normalizatu egiten dira gure aurkako jazarpen eta biolentzia jarrerak".

Horiek horrela, nabarmendu dute berezibiko garrantzia duela eraso matxistak salatzeak eta erasotzaileei aurre egiteak, horien normalizazioa ekidin eta egoera horiek ezerezean geratu ez daitezen. "Guztion ardura da erasoen aurkako jarrera irmoa izatea, horiek ez gertatzeko lehen pauso gisa".

Horretaz gain, paraleloki, erasotuak izan diren emakumeak babesteko bitartekoak garatzen joatearen beharra azpimarratu dute, baita eraso gehiago ez gertatzeko bitartekoak sortzekoa ere. Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak gaiari arduraz heldu nahi izan diotela adierazi dute, eta ildo horretan kokatzen dituztela pasa den astebururako antolatu zituzten etxeratze kolektiboak eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa ere. Gainera, bide horretan lanean jarraitzeko konpromiso osoa adierazi dute.