Pilota eta bertsolaritza uztartzen dituen Udaberri torneoaren finala jokatuko du Oihana Orbegozok

Nerea Uranga 2023ko eka. 1a, 17:18
Oihana Orbegozo beste txapelketa bateko finalean. (Ados pilota)

Udaberri Torneoan Kukuprakak taldean jokatu du Orbegozok, Agirre eta Iturriaga pilotariekin eta Aitor Sarriegi bertsolariarekin. Finala Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar pilotalekuan jokatuko dute bihar, ostirala, 19:00etan.

Bertsoa eta pilota lotzen dituen Udaberri Torneoa bukaerara iritsi da, bihar jokatuko dute finala, 19:00etan hasita, Beasaingo Antzizar pilotalekuan. Hiru pilotarik eta bertsolari banak osatutako lau taldek parte hartu dute txapelketan. Maiatzaren 5ean hasi zuten Udaberri Torneoa, eta sei jaialdik osatu dute txapelketa. Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarrak Agirre eta Iturriaga pilotariekin eta Aitor Sarriegi bertsolariarekin Kukuprakak taldea osatu jokatu du txapelketa, eta finalerako txartela lortu dute. Bitxiloreak taldearen (Etxebeste, Etxekolenea eta Ruiz de Infante pilotariak eta Nerea Elustondo bertsolaria) kontra jokatuko dute bihar.

Finalerako sarrerak bost euroan salduko dituzte, eta haurrek doan sartzeko aukera izango dute. Finala bertatik bertara ikusi ezin dutenentzat Berria.eus-en eta Hamaika telebistan zuzenean eskainiko dute.