Udal eta foru hauteskundeak 2023

Jabier Altuna: "EAJk udalean oposizio eraginkorra egiten jarraituko du"

Nerea Uranga 2023ko mai. 28a, 23:00

Jabier Altuna botoa ematen. (Julene Frantzesena)

EAJ izan da bigarren indarra udal hauteskundeetan, bozen %38,70 eskuratuta. Jeltzaleei botoa eman dieten herritarrak eskertu ditu Jabier Altuna EAJren zerrendaburuak. Aurreko azken bi agintaldietan bezala, zazpi hautetsi izango dituzte datozen lau urteotan, eta hori mantendu dutelako gustura da Altuna.

EH Bilduk irabazi ditu 2023ko udal hauteskundeak Azpeitian. Gehiengo osoa berretsi du, botoen %55,44 lortuta (3.742 boto). EAJk, berriz, bozen %38,70 eskuratu ditu; 2.612 boto. Bi alderdi horien ordezkariekin osatuko da udala datozen lau urteotan ere: EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu eta EAJk zazpi. Jabier Altuna EAJren zerrendaburua gustura da hautetsi kopurua mantendu dutelako, eta datozen lau urteotan udalean "oposizio eraginkorra" egiten jarraituko dutela azpimarratu du, eta ados ez dauden kontuetan beren desadostasuna agertuko dutela. Akordioetarako prestutasuna izango dutela ere adierazi du Altunak.

EH Bildu eta Nagore Alkorta zoriondu ditu Altunak lortutako emaitzengatik. Horrez gainera, alderdiari botoa eman dieten herritarrak eskertu ditu.