Sanjuandegiko festak 2023

"Sanjuandegiko festak oso herrikoiak dira; etxeko giroa izaten da nagusi"

Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 12:00
XJ Auzolaneaneko kide batzuk –ezkerretik aurrena da Denis Aizpuru eta ezkerretik bigarrena Aner Aranguren–.

Umeen Egunarekin hasiko dira zapatuan Sanjuandegiko festak. Bost eguneko egitaraua prestatu du XJ Auzolaneanek, eta azpeitiarrek gozamenerako aukera ugari izango dutela uste dute batzordeko kide diren Denis Aizpuruk eta Aner Arangurenek. Jaiak hasteko irrikaz daude. Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko edukia da honako hau.

Dagoeneko prest duzue aurtengo festetako egitaraua. Zer nabarmenduko zenukete?

Denis Aizpuru: Gauza bereziak izango dira, baina ez nuke jakingo zerbait nabarmentzen. Kontzertuetako taldeak izaten dia gehien aldatzen direnak.

Aner Aranguren: Urtero antzeko planteamendua izaten du egitarauak. Izan ere, pasatutako festen balorazioa egiteko bilera gauzatzen dugu urtero, eta hurrengo urteko jaiak antolatzeko eredu bat izaten dugu; hau da, iaz zer egin zen begiratzen dugu, eta zer alda daitekeen ere bai. Jaiak ondo joan ohi direnez, ordea, egitaraua ez dugu gehiegi aldatzen.

Ume Egunarekin hasiko dira festak. Zer-nolako erantzuna izan du aurtengo edizioak?

D.A.: Ikaragarria izan da erantzuna. Egia esan, urtero izaten du harrera ona, eta aurten ere hala gertatu da; 350 ume, haur eta gaztetxo izango dira egun horretako jolasetan eta bazkarian.

A.A: Ez genuen espero horrelako erantzuna izatea. Pentsa, izena emateko paperik gabe gelditu ginen, eta une batzuetan kudeaketa arazoak izan genituen. Baina arazo onak dira horiek!

Aurtengo berrikuntza nagusienetakoa Tronboneitor ekitaldia izango da. Nondik sortu da hura antolatzeko ideia?

D.A.: Tronboneitor emanaldia antolatzeko ideia Juan Antxieta musika eskolaren bidez iritsi zitzaigun, eta oso interesgarria iruditu zitzaigunez, egitarauan sartu dugu.

Herri kirol saioa, berriz, mistoa izango da aurtengoan. Nolakoa izango da?

D.A.: Lehenbiziko aldiz antolatu dugu herri kirol saio mistoa. Herri kirolak ezagutarazteaz gain, arlo horretan ibiltzen diren emakumeei aukera ematea eta herritarren kontzientzia piztea izan dugu helburu. Izan ere, inoiz baino emakume gehiago dabiltza gaur egun herri kiroletan. Gainera, herri kirolari horiek herrikoak edota eskualdekoak izanik, bultzatzeko aitzakia are handiagoa da.

A.A.: Lau kirolari izango dira, guztira, jaialdian: bi emakume eta bi gizon. Denek ariketa edo proba berberak egin beharko dituzte. Emakumeak gizonak baino gazteagoak dira, eta fisikoki desberdinak direnez, aldaketa txiki batzuk izango dituzte egin beharreko lanetan.

Iaz lehen aldiz antolatu zenuten patata tortilla lehiaketa, eta arrakasta izan zuen. Dena den, aurten ez duzue antolatu.

A.A.: Herriko taldeen eta eragileen eskariak edota egitasmoak ere sartzen ditugu egitarauan. Patata tortilla lehiaketa, adibidez, iaz Gaztelekuak egindako proposamenetik ateratako ekintza izan zen. Lan kargak tarteko, aurten ez egitea baloratu zuten XJ Auzolaneanek eta Gaztelekuak, nahiz eta iazkoak sekulako arrakasta izan zuen.

Sanjuandegiko festek zerbait berezia baldin badute, hori parte hartzea da. Herritarrek gozatzeko aukera ez ezik, jaietan aktiboki parte hartzeko parada izaten dute. Hori al da festen gakoa?

A.A.: Bai, dudarik gabe. Sanjuandegiko festak ahalik eta herritar gehienengana iristea nahi dugu, izan kanpotik jaiez gozatzen, izan barrutik ekintzetan parte hartzen. Gainera, Azpeitia herri parte hartzailea da, eta hori baliatzen saiatzen gara festak antolatzerakoan.

D.A.: Sanjuandegiko festak oso herrikoiak dira; etxeko giroa izaten da nagusi. Herriko gainerako jaiekin alderatuz gero, saninazioekin adibidez, oso desberdinak dira. Saninazioetara jende asko etortzen da kanpotik, eta Sanjuandegin, aldiz, bertako jendea izaten da gehien bat. Horrek eragin zuzena du festen izaeran.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, iaz itzuli ziren Sanjuandegiko festak. Arrakasta izugarria izan zuten. Egin al du XJ Auzolaneanek edizio haren baloraziorik?

D.A.: Ikaragarrizko arrakasta izan zuten iazko festek. Izugarria izan zen!

A.A.: Bi urteko etenaldi horren ondoren, bagenekien jendea parrandarako gogoarekin zegoela, baina hura ikaragarria izan zen. Ez genuen horrenbeste pertsona elkartzerik espero.

Aurtengorako zer aurreikuspen dituzue?

A.A.: Ea iazko arrakasta errepikatzen den, eta gauzak modu berean joaten zaizkigun.

D.A.: Herritarrak gogoz etor daitezela auzora, eta denok ondo pasatu dezagula, inolako erasorik gabe.

Iazko festetarako, Mantangorriren spot-a ere berreskuratu zenuten. Aurtengo jaien atarirako, zerbait grabatzeko asmorik ba al du XJ Auzolaneanek?

D.A.: Iazko Mantangorriren etorreraren bideoa jende askok ikusi zuen, eta asko gustatu zitzaien herritarrei. Iritzi eta kritika onak jaso genituen iaz.

A.A.: Horren harira gauza bakarra esan dezakegu: herritarrak adi egon daitezela...