Patinaje ikastaroa antolatu dute ekainaren bukaerarako

Julene Frantzesena 2023ko mai. 25a, 14:15

Saioak ekainaren 19an, 20an, 21ean, 22an eta 24an izango dira. Ikastaroko partaide kopurua mugatua izango da, eta herritarrek dagoeneko eman dezakete izena. Hainbat taldetan banatuta egingo dituzte saioak.

Udaberriko ikastaroak izan zuen "arrakasta" tarteko, Azpeitiko Udalak patinaje ikastaro trinkoa antolatu ekainaren bukaerarako. Saioak ekainaren 19an, 20an, 21ean, 22an eta 24an izango dira, eta herritarrek dagoeneko eman dezakete ikastarorako izena. Igerilekuan izango da horretarako aukera; Kirol Patronatuko bazkideek hogei euro ordaindu beharko dute; eta bazkide ez direnek, berriz, 30 euro.

Hainbat taldetan banatuta eskainiko dute ikastaroa. Hasiberrientzako taldeak 18:30etik 19:30era izango ditu saioak; patinetan ondo moldatzen diren herritarren taldeak, berriz, 19:30etik 21:00etara. Gainera, haurrei zuzendutako bi talde ere osatuko dituzte: LH1. eta 3. mailen arteko ikasleek 16:30etik 17:30era izango dute patinetan trebatzeko aukera; eta LH4. mailatik DBHra arteko gaztetxoek, berriz, 17:30etik 19:30era.

Udalak azaldu duenez, taldeetako partaide kopurua mugatua izango da, eta ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa izango da kide bakoitzak patinak eta kaskoa saioetara eramatea.