Joxin Azkue Gabilondok herriko errotak izan ditu hizpide Sanagustinen

Ane Olaizola 2023ko mai. 9a, 09:28
Luis Juaristi antolatzailea eta Joxin Azkue Gabilondo hizlaria, atzo, Sanagustinen. (Ane Olaizola)

Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltan, Urola Bizirik taldeak antolatutako hitzaldia izan zen atzo arratsaldean, eta historialari eta ikerlari azpeitiarrak herrian zenbat errota eta horien aztarna dauden ere kontatu zituen, besteak beste. Igandean, bisita gidatua izango da Igarako errotan.

Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltan, Joxin Azkue Gabilondo historialari eta ikerlari azpeitiarrak herriko erroten inguruko hitzaldia eskaini zuen atzo, astelehena, arratsaldean, Urola Bizirik taldeak antolatuta. Hainbat lagun elkartu ziren Sanagustin kulturgunean erroten inguruko nondik norakoak ezagutzeko asmoz, ikerlariak askotariko informazioa helarazi baitzien han elkartutako herritarrei. Besteak beste, erroten funtzionamendua azaldu zuen Gabilondok, eta herrian zenbat errota edota horien aztarna dauden ere kontatu zituen hark. Haren arabera, Azpeitian erroten hogei arrasto baino gehiago ikus daitezke oraindik orain.

Atzoko solasaldia ez zen egitasmoaren barruko ekintza bakarra izan. Ekoetxearen eskutik, datorren igandean bisita gidatua izango da Loiolan dagoen Igarako errotan. Sistiaga Errekako uraren indarra baliatuz arto irina nola ehotzen den ikasiko dute. Ekintza horretan parte hartu nahi dutenek, honako lotura honetan eman beharko dute izena ostirala baino lehen. Hiru bisita egingo dituzte; 10:00etatik 10:45era lehena; 11:00etatik 11:45era bigarrena; eta 12:00etatik 12:45era hirugarrena.

Bestalde, Azkoitian ere hainbat saio antolatu ditu Urola Bizirikek datozen egunetarako. Batetik, Yurrita Errota Sustatzeko Elkarteko kide Alex Rotetak hitzaldia emango du bihar, 19:00etan, Elkargunean. Rotetak Azkoitiko errotei buruz hitz egingo du. Igandean, berriz, Aingeru Guardan dagoen Egurbide errota bisitatzeko aukera izango da. Bisita doan egin ahal izango da 10:00etan, 11:00etan edota 12:00etan. Dena den, bisita egin nahi duten herritarrek izena eman beharko da ostirala baino lehen. Horretarako, 943-85 71 70 telefonora deitu beharko dute edo bestela kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi.