Borja Zubizarretak eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi dute Domusa Teknik 40 MLK lasterketa

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 6a, 18:00

Gizonetan, Goar Lopetegi izan da bigarrena, eta Marcos Ramos hirugarrena. Aritz Egea iazko txapeldunak bertan behera utzi du proba. Emakumeetan, Larraitz Aragon sailkatu da bigarren, eta Sara Peña hirugarren. Xabier Korta eta Onintza Zeberio izan dira lehen herritarrak.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa jokatu dute gaur, Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknikek antolatuta. Guztira, 500 korrikalari baino gehiagok parte hartu dute lasterketan, eta 08:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta, 65 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean. Eguraldi ederrak lagunduta, jendetza bildu da ibilbideko hainbat puntutan, eta giro polita sortu da lasterketaren bueltan. Gaurkoan bi izen utzi ditu probak: Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) aise gailendu dira proban, bigarren sailkatuei alde handia aterata.

Sorpresa eman du Zubizarretak; izan ere, Aritz Egea iazko txapelduna joan da lasterketaren buruan ia proba osoan. Dena den, Loiola aldean kalanbreak sentitzen hasi da Egea, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren inguruan lasterketarekin ez jarraitzea erabaki du –ondoren sare sozialetan jakinarazi du bero kolpea izan duela eta anbulantzian artatu behar izan dutela, baina ondo dagoela–. Zubizarretak ez du aukera alferrik galdu, eta ez du inolako arazorik izan amaieraraino lehen postuari eusteko; aise lortu du helburua, gainera. 05:53:33 denboran amaitu du proba, eta ia ordu erdiko aldea atera dio bigarren sailkatuari; Ibarrako (Gipuzkoa) Goar Lopetegik 06:21:16 denbora behar izan du lasterketa amaitzeko. Gainera, iazko edizioan Egeak berak jarritako marka hobetu du Zubizarretak; hark 06:00:33 denbora behar izan zuen iaz ultra traila amaitzeko, eta, beraz, ia zazpi minutuz hobetu du haren marka. Erdietsitako lorpenak eskatzen zuen moduan, Erdikalea txalo zaparrada artean gurutzatu ostean helmugaratu da azkoitiarra Azpeitiko plazan, eta lagunen eta senideen babesa eskertu du helmugako txintxarria astindu ostean. Gizonetan, Teruelgo (Espainia) Marcos Ramosek osatu du podiuma, 06:29:55 denborarekin.

Emakumeen artean, iazko garaileak ez du hutsik egin aurtengoan ere, eta nagusitasun osoz jantzi du txapela Azkorbebeitiak –41 minutuko aldea atera dio bigarrenari–. Lasterketa "gogorra" egin zaiola eta "sufritu" duela aitortu duen arren, iazko denbora hobetzea lortu du: 07:09:13 denboran amaitu du lasterketa, eta 07:17:21 denboran helmugaratu zen iaz. Ohikoa duen moduan, seme-alaben babesean helmugaratu da abadiñarra, irribarretsu. Bigarren, Durangoko (Bizkaia) Larraitz Aragon (07:50:31) sailkatu da, eta hirugarren Orioko Sara Peña (08:09:41).

Lehen herritarrak

Lehen herritarren artean ere nabarmendu dira aurtengoan izen berriak. Gizonetan, Xabier Korta izan da helmuga zapaldu duen aurreneko azpeitiarra; 07:04:52 denbora behar izan du ibilbidea osatzeko, eta hamargarren sailkatu da sailkapen orokorrean. Bestalde, Onintza Zeberio izan da emakume azpeitiarren artean azkarrena, 09:06:35 denborarekin; iaz ere hura izan zen lehen herritarra. Aipatzekoa da, era berean, Azpeitiko nahiz inguruetako korrikalari ugarik parte hartu dutela lasterketan.

Lotura honetan egin daiteke sailkapenaren eta korrikalari bakoitzaren denboren jarraipena.