Urolakoen Napar Zuzterrak elkarteak hitzaldi bat eta antzerki emanaldi bat antolatu ditu datozen egunetarako

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 6a, 10:00
Segurako Historia Oroituz antzerki elkartearen 'Orreagatik iragan hurbilera' herri antzezlana.

Asteazkenean, Mendebaldeko baskoiak 824an hitzaldia emango du Iñigo Larramendik, eta datorren zapatuan Orreagatik iragan hurbilera herri antzezlana taularatuko du Historia Oroituz elkarteak.

Datozen egunetarako bi ekintza antolatu ditu Urolakoen Napar Zuzterrak elkarteak: hitzaldi bat eta antzerki emanaldi bat.

Asteazkenean, hilak 10, Mendebaldeko baskoiak 824an hitzaldia emango du Iñigo Larramendik Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. "Badakigu gaurko Erriberako, Iruñaldeko eta Aragoiko baskoiek frankoak garaitu zituztela Orreaga/Errozabalen, 824an. Baina non zeuden mendebaldeko baskoiak, gaurko EAEn bizi zirenak? Iluntasunean argi pixka bat ematen saiatuko gara hitzaldi honetan", adierazi dute antolatzaileek.

Datorren zapatuan, berriz, Segurako (Gipuzkoa) Historia Oroituz elkarteak Orreagatik iragan hurbilera herri antzezlana taularatuko du Soreasu antzokian. 18:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean

Lourdes Imazek idatzitako antzezlana 21 herritarrek osatzen duten Historia Oroituz antzerki elkarteak antzeztuko du. Segurako antzerki elkarteak taularatzen duen bosgarren antzezlana da, eta Lourdes Imazek idatzi duen hirugarrena. Imazek honakoa dio berak idatzitako obraz: "Antzezlan berri hau bi garai desberdinetan dago kokatua: alde batetik, baskoiek Orreagan Karlomagnoren tropak gailendu eta Eneko Aritza baskoien lehen errege izendatu zuten garaietan, VIII. eta IX. mendeak; eta bestetik, XX. mendearen bigarren erdialdera, frankismo garaian. Azken honetan zenbait esketx antzezten dira, garaiko irakaskuntza, erlijioaren indarra, jendearekiko errepresioa eta abar azaltzeko". Hamabi gaztetxok eta bederatzu helduk parte hartuko dute. Lehen zatian, Orreagakoan, haurrak izango dira protagonista eta helduak bigarrengoan. Imazen esanetan, "bi garai horien artean lotura bat sortzea da asmoa, iraganeko garai desberdinetako euskal herritarrak jasan dituzten erasoak azalduz, gertatutakoa ez dezagun ahaztu".