Etxera Egunean Azpeitiko kaleak betetzera dei egin dute

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 5a, 14:00
Atzo arratsaldean egin zuten Etxera Eguna aurkezteko agerraldia. (Aitziber Arzallus)

Urruntze politika bukatu arren, euskal presoak oraindik ere salbuespenezko arauen pean dituztela adierazi du Azpeitiko Sarek, eta hain zuzen ere, egoera horretan dagoela Gotzon Aranburu herritarra. Horregatik, etxerako bidean oztoporik ez jartzeko aldarrikatuko dute maiatzaren 20rako antolatu duten Etxera Egunean, eta ordurako prestatzen ari diren ekintzetan parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei.

Maiatzaren 20rako Etxera Eguna antolatu du Azpeitiko Sarek, oraindik ere zer salaturik eta zer borrokaturik badagoela iritzita, urruntze politika amaitzeak ez baitu ekarri euskal presoen eskubideen urraketa bukatzerik. Euskal presoak oraindik ere salbuespen arauen pean dituztela adierazi du Sarek, eta hain zuzen ere, egoera horretan dagoela Gotzon Aranburu herritarra. 

"Azken hilabeteetan ikusten ari garen bezala, espetxeetako tratamendu batzordeek gradu progresioei eta espetxe baimenei dagokienez hartu dituzten hainbat erabakien aurka egin dute, berriro ere, mendekuan eta gorrotoan oinarrituta, fiskaltzak eta justizia auzitegiak. Beste behin, espetxe politikaren normalizazioa oztopatzeko eta erasotzeko asmoa agerian utzi dute. Hitz gutxitan, salbuespen araua da oraindik euskal presoen eta Gotzon Aranbururen errealitatea", adierazi du euskal presoen eskubideen aldeko dinamikak. "Egoera eta jarrera horiek salatzen jarraitzea dagokigu eta lau haizetara adieraztea etxean nahi ditugula. Bai, Gotzon Aranburu etxean nahi dugu".

Aranburuk hogei urte daramatza espetxean, 2007an bete zuen zigorraren laurdena, eta 2025ean beteko lituzke zigorraren hiru laurdenak. Urtearen hasieratik Zaballako (Araba) kartzelan dago preso, bigarren graduan, baina Sareren esanetan, legedia arrunta aplikatuz gero, hirugarren graduan beharko luke. Orain gutxi hasi da baimenak izaten, eta bi irteera programatutan parte hartzeko aukera besterik ez du izan.

"Eskakizun demokratiko bat helarazten ari gara, espetxe arloko legeek babesten duten eskakizuna, hain zuzen. Legediak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz. Beraz, salbuespeneko auzitegiek, Auzitegi Nagusiak berak, adibidez, ez lukete behin eta berriz boikoteatu beharko", adierazi du Azpeitiko Sarek.

Horiek horrela, salbuespen neurriak ezartzeari uzteko eta etxerako bidean oztoporik ez jartzeko aldarrikatuko dute maiatzaren 20ko Etxera Egunean, eta egun horretarako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbita egin diete herritar guztiei.

Hona hemen, Etxera Egunerako prestatu duten egitaraua:

  • 12:00. Kros herrikoia.
  • 14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.
    • Jarraian, Joxe Aldasororen bakarrizketa, eta umeentzat Amaia Elizagoien ipuin kontalaria.
  • 18:00. Mosaikoa, plazan.
  • 19:00. Elektrotxaranga lehiaketa.
  • 22:00. Esne Beltza taldearen kontzertua eta DJ Elepunto, Sanagustinen. Sarrera doan.