Haserre eta ulertu ezinda

Aitziber Arzallus 2023ko api. 28a, 13:30
Iraurgi Ikastetxearen duela aste batzuk egin zuten elkarretaratzea. (Nerea Uranga)

Jaurlaritzak eskualdeko hainbat familiari ukatu egin die 2 urteko umea nahi duten ikastetxean matrikulatzeko eskubidea. Gutxienez hamabost familia daude egoera horretan: Azpeitian zazpi familia eta zortzi ume daude egoera horretan, eta Zarautzen, gutxienez, zortzi familia dira kaltetuak. 

Aste zailak izaten ari dira Azpeitiko eta Zarauzko hainbat familiarentzat. Eskola segregazioari aurre egiteko helburuarekin, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko irizpide berriak ezartzen dituen dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak joan den azaroan, eta horrek ondorioak izan ditu datorren ikasturterako 2 urteko umeen matrikulazio prozesuan. Hezkuntza Sailak hainbat gurasori ukatu egin die beren semea edo alaba nahi duten ikastetxean matrikulatzeko aukera. Azpeitian, momentuz, zortzi dira gurasoek aukeratutako ikastetxera joaterik izango ez duten umeak, eta Zarautzen, gutxienez beste zortzi familia daude egoera horretan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, neurriek ez dute eraginik izan.

Azpeitian gertatu dena ulertzeko eta egoeraren argazki ahalik eta zehatzena egiteko asmoarekin, 2 urteko haurrak matrikulatzeko aukera eskaintzen duten herriko hiru ikastetxeetara jo du Uztarriak, hiru zentroetako zuzendariekin hitz egiteko: Mikel Olaizola da Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendaria; Miren Lazkano da Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoa; eta Aitor Cordoba da Iraurgi Ikastetxekoa. Karmelo Etxegarai eskola publikoa da, eta beste biak itunpekoak dira.

Zenbaki festa

Olaizolak emandako informazioaren arabera, Karmelo Etxegarain lau lerro baimendu dizkiete;  lerro bakoitzeko ratioa hemezortzi ikaslekoa izanda, 72 ume hartzeko lekua dute. Aurrematrikulazio garaian, 60 umek eman zuten izena, eta horietatik 58 onartu dizkiete; bi haur ez zaurgarri beste zentro batera bideratu ditu Jaurlaritzak. "Bi ikasle horiek Iraurgira bideratu ditu, eta gurera ez du inor bideratu. Tokia izanda, zergatik bideratu ditu bi ikasle horiek Iraurgira?", galdetu du zuzendariak. "Gainera, beste zenbait familiak ere gurean matrikulatzeko asmoa adierazi digute epez kanpo, eta kezka handia dugu horiek ere beste ikastetxeetara bideratuko ote dituzten".

Ikasberrin, 2 urteko 35 haurrek eman zuten izena aurrematrikulazio fasean, eta denak onartu dituztela ziurtatu du Lazkanok. "Horrez gain, beste zentroetatik hainbat haur bideratu dizkigute". Ez du esan nahi izan zenbat haur eta zein zentrotatik bideratu dizkieten.

Iraurgin, 29 umek egin zuten aurrematrikula, eta horietatik sei beste ikastetxe batera bideratu ditu Hezkuntza Sailak. Seitik bost, ez zaurgarritzat jotako haurrak direla adierazi du Cordobak; eta seigarrena, zaurgarri gisa balioetsitakoa dela. Ez du baieztatu nahi izan Karmelo Etxegarain aurrematrikula egindako bi umeak euren ikastetxera bideratu dituzten ala ez. 

Zenbaki nahaspila horretan, kosta egiten da argi izpiren bat ikustea, beste azalpenik gabe oso logikoak ez baitirudite Hezkuntza Sailak egindako mugimenduek. Hiru zentroetarako zuzendariak kexu dira Jaurlaritzak hartu dituen erabakiekin. Olaizola: "Publikoan ikasi nahi duten guztiek, bertan ikasteko eskubidea dutela uste dugu. Momentuz gure haserrea ez dugu kaleratu, herriko ikastetxeen arteko giroa ez dugulako gehiago nahastu nahi eta elkarlanean sinesten dugulako, baina egoera ez bada bideratzen, ez gara besoak gurutzatuta geratuko". Lazkano: "Gurean matrikulatu nahi zituzten ume guztiak onartuak izan diren arren, guretzat ere ez dira aste gozoak izan, tentsio handikoak izan dira. Gainera, jakitun gara gurera bideratu dituzten ume horien gurasoek ez gaituztela gu aukeratu. Azkenean gurera etortzera behartzen badituzte, guk ahalik eta ondoen zainduko ditugu, baina egoera ez da bidezkoa inorentzat". Cordoba: "Gu aukeratu gintuzten sei ume onartuak ez izatea sekulako kolpea izan da guretzat, jakinda ikastetxean denentzako lekua daukagula. Gainera, ume horietatik hiru Iraurgiko ikasleak dira dagoeneko, aurten urtebeteko gelan dabiltzanak. Egoera oso gogorra eta bidegabea iruditzen zaigu".            

Kaltetutako zenbait familia udalarekin harremanetan jarri dira, laguntza eskatzeko. Azkenekoz atzo bertan izan ziren udaletxean, hainbat udal ordezkarirekin, tartean Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziarekin: "Kaltetutako familien ezinegonarekin bat egiten du udalak, eta auzi honetan eskumenik ez duen arren, familiei agindu diegu Hezkuntza Sailera joko dugula argibide eske, herrian gertatzen ari dena ulertzeko arrazoiak ez dakizkigulako eta azalpenak behar ditugulako. Prozesu guztian gardentasun falta agerikoa izan dela deritzogu, eta gardentasuna exijituko diogu", adierazi zuen Goenagak bileraren ostean. 

Borrokatzeko prest

Kaltetutako familietako batzuk prest agertu dira zein egoeratan dauden azaldu dira, baina izen-abizenik eman gabe. Izan ere, Jaurlaritzak joan den ostegunean kaleratu zituen behin betiko zerrendak, eta horiei errekurtsoak ezarri dizkiete guztiek. Horiek argitu bitartean –maiatzaren 22a da horretarako azken eguna– nahiago dute izen-abizenik ez eman.

Karmelo Etxegaraiko kaltetutako familietako bat: "Ustekabean harrapatu gintuen berriak. Entzuna genuen Ikasberrin bilera batzuk-eta egiten ari zirela zerbait etor zitekeela eta, baina guri esan zigutena izan zen Azpeitian ez zela arazorik izango, edo behintzet, ez zela aurreikusten arazorik izaterik. Jaurlaritzak behin-behineko zerrendak argitaratu zituenean, Maite Bikendik hots egin zidan ikastolatik esateko gure umea Karmelo Etxegarain itxaron zerrendan jarri zutela eta beste ikastetxe bat esleitu ziotela. Hasieran, egundoko sustoa hartu genuen, eta uneoro izan dugu ikastolaren babesa eta laguntza, eta zer urrats egin behar genituen esateaz gain, denean laguntzen ari zaizkigu. Erreskurtsoa jarri genuen, eta erantzuna ere iritsi zitzaigun: hasiera batean hirugarren aukera gisa jarri genuen ikastetxea esleitu ziguten, eta errekurtsoa eta gero, bigarren aukera gisa jarri genuena. Hala ere, gure nahia da Karmelo Etxegarain matrikulatzea gure umea, eta horregatik, beste errekutso bat aurkeztu dugu, eta erantzunaren zain gaude. Egia esan esperantza badaukagu. Sindikatuan esan digutena izan da, herrian eskola publiko bakarra dagoenean eta eskola horretan lekua badagoenean, eskola publikoaren aldeko hautua egin duten familia horiei ezin dietela eskubide hori ukatu, ezin dituztela kanpoan utzi. Esaldi horrekin gelditzen gara, eta, momentuz, esperantzari eutsi nahi diogu". 

Iraurgiko kaltetutako familietako bat: "Eusko Jaurlaritzak matrikulatzeko martxan jarri duen Ikasgunea plataformaren bitartez jakin genuen gure semea Iraurgira sartzeko itxaron zerrendan zegoela eta beste ikastetxe bat esleitu zigutela. Behin-behineko esleipena martxoaren 28an atera zen, eta erreklamazioak egiteko apirilaren 4ra arteko epea eduki genuen, tartean Aste Santutako jaiegunak zeudelarik; ez genuke esango kasualitatea izan zenik. Apirilak 20an atera zen behin-betiko esleipena. Orduan ere ez genuen inongo jakinarazpenik jaso, eta plataformara sartuta ikusi genuen ez zela aldaketarik egon. Gaur-gaurkoz, ez dugu Hezkuntza Sailetik inolako azalpen ofizialik jaso gure semea Iraurgin ezin matrikulatu ahal izateko. Baina orain arte ikusten ari garenarekin, Eusko Jaurlaritzak lege berria hezkuntza sisteman murrizketak egiteko baliatu duela esango genuke. Gardentasun falta erabatekoa izan da prozesu guztian, eta oraindik ez dago argi zein irizpide erabili diren ume bat ikastetxe batetik bestera mugitzeko. Helburua segregazioa ekiditea dela esan dute behin eta berriz, baina ez dugu uste matrikulazioa egiteko garaian eginarazi ziguten galdetegiak zaurgarritasun maila definitzen duenik –etxean dituzun liburu kopurua, Netflix konturik ba al duzun, zenbat ordenagailu…–. Gainera, bizi dugun egoera aldakorrarekin, bihar zaurgarria izan daiteke gaur zaurgarria ez den familia bat. Hasiera batean nora jo ez genekiela gelditu ginen, ez baikenuen batere espero horrelako egoera batean aurkituko ginenik. Egin genuen aurreneko gauza ikastetxera deitzea izan zen eta beraiek ere harrituta plataforman ikusten ari ginena baieztatu ziguten. Aipatzekoa da ikastetxearen eta guraso elkartearen partetik jasotzen ari garen babesa eta laguntza erreklamazioak egiteko naiz egoera kudeatzeko orduan, eta honek aurrera jarraitzeko indarra eman digu. Orain arte, Jaurlaritzak horretarako jarri dituen plataformetan hainbat alegazio sartu ditugu, eta ez dugunez inongo erantzunik jaso, Hezkuntza Saileko arduradunen helbide elektronikoetara eta Arartekora bidali ditugu erreklamazioak. Horien guztien artetik Arartekoa bakarrik izan da erantzun bat eman diguna, soilik espedientea zabaldu dutela esaten. Orain arte egindakoak ez duela fruiturik eman ikusita, ikastetxearekin, guraso elkartearekin eta gure egoera berean dauden familiekin elkartu gara, eta borrokan jarraitzea erabaki dugu. Horretarako, alegazio berriak egiteaz gain, guztiok elkarrekin, hedabideetan ahalik eta oihartzun handiena izaten saiatuko gara, eta udalarekin eta ikuskaritzakoekin elkartuko gara. Ez dira behintzat gu entzun gabe geldituko. Hezkuntza sistemak, orain arte, hezkuntza eredu desberdinen artean aukeratzeko eskubidea eman izan du, baina lege proiektu berri honekin, eskubide hori ez dago bermatuta. Begira gure kasua, non ikastetxeari bi gela izango zituela esan zitzaion, baina azalpenik eman gabe gela bakarrera mugatu duten, nahiz eta matrikulazio kopuru nahikoa –29 eskaera– eta baimena badituen horretarako. Guraso moduan hartu beharreko erabaki garrantzitsuenetarikoa da seme-alaben hezkuntza proiektua aukeratzea, eta nola liteke XXI. mendean hori galaraztea eta haurren etorkizunaren gaineko eskumena agintarien eskuetan egotea?".

Iraurgiko kaltetutako familietako bat: "Behin-behineko zerrendak kaleratu zituztenean, ikastetxera joan behar genuela esanez deitu ziguten, eta han azaldu ziguten gertatzen zena. Guk ere ez dugu erantzun ofizialik jaso, baina uste dugu Iraurgin anai-arreba zaharragoak dituztenei lehentasuna eman dietela, eta gureek ez dituztenez... Hala ere, ez genuen espero horrelakorik, eta berriak ustekabean harrapatu gintuen eta, noski, haserrea eragin zigun. Gure seme-alabak dagoeneko Iraurgiko ikasleak dira, joan den urtean 0 urteko gelan zeuden, eta aurten urtebeteko gelan dabiltza. Orain dela bi urte erabaki genuen zein ikastetxe nahi genuen gure seme-alabentzat. Jadanik Iraurgiko ikasleak dira eta oso larria da ikastetxe baten hasita dauden ikasleak handik atera behar izatea eta guk aukeratu ez dugun beste batera eraman behar izatea; guk ez ditugu zentroz aldatu nahi. Esleitu diguten ikastetxekoek ere esango dute bada zerbait, jakinda guk guraso bezala ez ditugula bertara eraman nahi, ezta? Zergatik ez dira herriko ikastetxeak elkarrekin harremanetan jartzen honen guztiaren inguruan hitz egiteko eta denen artean erabakitzeko zer egin? Iraurgiko langileen, familien, guraso elkartearen eta, nola ez, gure seme alaben gelakideen familien eta inguruaren babesa dugu, baina gehiago behar dugu. Administrazioak hartutako erabaki bat izan denez, beste erakunde edo organo publikoen laguntza faltan sumatu dugu. Hala ere, ahal dugun guztia egiteko asmoa dugu, muturreraino iristeko indarra daukagu. Orain arte, administrazioak markatutako bideaz jarraitu dugu eta alegazioak-eta aurkeztu ditugu, eta horrez gain, ikastetxean elkarterretaratzeak ere egin ditugu. Hemendik aurrera, bide administratiboaz gain, hedabideetara ere joko dugu. Ez dakit zerbait lortuko dugun ala ez, baina esperantza horrekin ari gara. Gure helburua da prozesu hau guztia publikoki salatzea, eta, nola ez, beste erakunde publikoek ere mugiaraztea. Izan ere, familia bezala, nork defendatu behar gaitu?".

Iraurgiko kaltetutako familietako bat: "Ikastetxearen bitartez jakin genuen zein egoeratan zeuden gure seme-alabak, lehenengo behin-behinean eta ondoren behin betiko. Arrazoirik ez dugu jaso, ofizialik ez behintzat, eta matrikula egiterakoan egindako galdeketan oinarritu badira, lotsagarria izango litzate. Galdetegi hark ez zuen ez bururik ez hankarik; aukera dugunez, hori salatzea nahiko genuke publikoki. Galdetegia segregazioa ekiditeko omen da. Nork sinets dezake hori? Nork sinets dezake Azpeitian egon den ikasle dantzak herriko segregazioa konpoduko duela? Galdetegi horretan oinarritu badira, jai daukagu. Hasiera batean, ezin genuen sinetsi gertatzen hari zitzaiguna, ez genuen ulertzen... Gure kasuan, gure alaba urtebeteko gelan hasita dago. Nork pentsatu behar zuen eskola baten hasita dagoen ikasle bat Hezkuntza Sailaren erabakien ondorioz ikastetxez aldatu beharko genuela? Non daude gurasoon eskubideak? Herrian hiru ikastetxe ditugu; bada, familia bakoitzak aukeratu dezala libreki nora eraman bere seme-alabak. Ikastetxearen, familiaren, kuadrillaren eta ingurukoen babes handia jasotzen ari gara, eta eskerrak. Alegaziok aurkeztu ditugu, eta orain errekurtsoa aurkeztuko dugu. Borrokoan jarraitu, gure eta gure alabaren eskubideen alde".

Segregazioaren kontra, zaurgarritasun indizea

Eskola segregazioari aurre egiteko helburuarekin, 2 urteko umeen matrikuazio prozesuan hainbat aldaketa egin ditu Eusko Jaurlaritzak. Aldaketa nagusia da diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek lekuak gorde beharko dituztela ikasle zaurgarrientzat. Hezkuntza Saila izan da ikastetxe bakoitzak gorde beharreko plaza kopurua zehaztu duena. Horretarako, aurrematrikula egiterakoan, euren egoera sozio-ekonomikoari buruzko inkesta bat bete behar izan zuten 2 urteko haurrak matrikulatu nahi zituzten gurasoek. Inkestaren emaitzak kontuan hartuta kalkulatu dute eremu bakoitzeko zaurgarritasun indizea, eta horren arabera zehaztu, ikastetxe bakoitzak ikasle zaurgarrientzat gorde beharreko leku kopurua.   

Horrez gain, baremazioan ere izan dira aldaketa batzuk; esanguratsuena, etxebizitzaren hurbiltasunagatik ematen duten puntuazioan. Zentro batean eskaria handiagoa denean eskaintza baino, barematu egin behar izaten da, eta ikasleei emandako puntuen arabera erabakitzen da aukeratutako ikastetxean zein sartuko den eta zein ez. Orain arte, aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekuaren eragin eremukoa izateagatik, sei puntu jasotzen zituen ikasleak; orain, eragin eremu berekoa izateaz gain, bizilekutik gertuen dagoen ikastetxea hautatzea sarituko da, zazpi punturekin. Aldiz, eremu bereko baina etxetik gertueneko ikastetxea hautatzen ez dutenei, bost puntu emango dizkiote.   

Matrikulazio prozesuan Jaurlaritzak egin duen hirugarren aldaketa aipagarria da eskaintzari muga jarri diola. Ez du nahi ikastetxeek leku gehiegi edo gutxiegi eskaintzerik, eta horren arabera zehaztu du ikastetxe bakoitzak eskain zezakeen leku kopurua.

Galdetegia auzitan

Berrikuntza horietatik hautsak gehien harrotu dituena zaurgarritasun indizeari dagokiona izan da, hori kalkulatzeko erabili duten sistemagatik. Familien egoera sozio-edukatiboa ebaluatzeko asmoz, bederatzi galderako inkesta bat erantzun behar izan zuten gurasoek.

Lehenengo bi puntuak haurren erreferentziazko pertsonak zein diren argitzeko ziren. Hirugarren eta laugarren galderak umeen erreferentziazko pertsonen ikasketa mailari buruzkoak: oinarrizko ikasketak bukatu gabe dituzten, derrigorrezko ikasketak bukatuta dituzten, Batxilergoaren tankerakoren bat duten, edo unibertsitate ikasketak dituzten. Bosgarren galdera guraso edo tutorearen lanbideari buruzkoa zen. Hamabi kategoria zeuden: zerrendaren goialdean, zuzendariak eta gerenteak zeuden; behekaldean, oinarrizko lanbideak dituztenak, jubilatuak, langabeak eta ordaindu gabeko lanak dituztenak.

Zazpigarren galdera, honakoa: «Zenbat liburu daude, gutxi gorabehera, zure etxean?». 0tik 50era zen maila apalena; 500 baino gehiago dituztenena altuena. Zortzigarren galdera zabalagoa zen: «Ondoko baliabide eta espazioetatik, zeintzuk daude zure etxean?». Inkestaren bidez jakin nahi zen Inteneteko konexiorik baden ikasleen etxeetan, entziklopediak edo antzekoak dituzten, literatura klasiko edo garaikideko liburuak badituzten, eguneroko prentsa eta aldizkari espezializatuak paperean edo Interneten irakurtzen diren eta ordainpeko telebistarik baduten.

Bederatzigarren eta azken galdera objektuei buruzkoa zen. Etxeko ordenagailu kopurua, automobilen kopurua, liburu elektronikoen kopurua, tableta kopurua eta smartphone kopurua zehaztu behar izan zituzten gurasoek, eta baita etxean zenbait bainugela eta logela dituzten ere.

Galdera horien erantzunetatik kalkulatu zuten Azpeitiko zaurgarritasun indizea %21,49 dela, Zarauzkoa %7,65 dela eta Zumaiakoa, %17,46. Eragin eremu horietako indizeak publiko egin ditu Jaurlaritzak, hiru ikastetxe edo gehiago daudelako. Ikastetxe bat edo bi bakarrik dauden eragin eremuetako tasak ez ditu argitaratu.