Hantxe bertan

Raul Garcia: "Estonian kalera irtetea nahiko garestia da"

Julene Frantzesena 2023ko mai. 21a, 09:00
Raul Garcia. (Utzitakoa)

2021eko irailetik Estonian bizi da Raul Garcia (Azpeitia, 1997). Gasteizen Geografia gradua ikasi eta ikasteko gogoari segika iritsi zen hara. Egun, ikasitakoarekin lotutako masterra egiten ari da: "Informazio sistema geografikoen inguruko masterra da: kartografia digitala, mapak sortzeko sistemak, espazio datuen inguruko analisiak...". Uztailerako ikasketak bukatzea espero du, eta gero, lanean hasi nahiko luke. 2023ko apirileko Uztarrian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Nolatan Estonian?

Graduko ikasketak bukatu nituenean, ikasten segitu nahi nuen, eta Internetez atzerrian zer aukera nituen begiratzen hasi nintzen. Estonian, Tartun, masterra egiteko aukera ikusi nuen, eta beste bat Danimarkan, baina han ez ninduten onartu; beraz, Estoniara etortzea erabaki nuen. Hala ere, masterra ikastera etorri aurretik, dirua aurrezteko, urtebetez metalean jardun nuen lanean Orklin, Ordizian.

Tartu hirian bizi zara. Nolakoa da?

Estoniako bigarren hiri handiena da; 100.000 biztanle ditu, eta unibertsitate hiria da. Nahiko hiri txikia da, baina era berean handia. Hemengo giroa Gasteizkoaren antzekoa da. Tartu Errusiatik nahiko gertu dago, 50 kilometrora edo, eta bi herrialdeen artean laku handi bat dago.

Nola moldatu zara horra?

Ez zait asko kostatu hona egokitzea. Nahiko lasaia naiz; ez nago asko irtetera ohituta, gustura egoten naiz etxean. Klasekoekin berehala egin nuen harremana, eta lagunak ditut orain. Oso gustura nago.

Estonia ez da oso ezaguna.

Hala da, bai. Herrialde txikia da, eta ez du turismo askorik. Ez du arreta deitzen duen ezer handirik... Teknologikoki, baina, nahiko puntako herrialdea da, telekomunikazioak, Interneta... Startup dezente ere badira.

Neguan hotz egingo du, ezta?

Iaz aurten baino hotz handiagoa egin zuen; hamar egunez segidan zero azpitik 28 gradu egin zituen. Aurten, ordea, zero azpitik 16 gradutik ez da jaitsi tenperatura. Ondo agoantatzen dut hotza; beroki on bat erosi nuen, eta...

Unibertsitate giroa nolakoa da?

Euskal Herrikoaren aldean desberdina da. Kalera irtetea nahiko garestia da; kantitateari eta kalitateri lotuta, Euskal Herriko tankeran jan nahi bada, askoz ere garestiagoa da Estonia. Euskal Herrian lagunekin astean pare bat alditan irteten nuen kafe bat hartzera, eta 1,5 euroren bueltan ordaintzen nuen kafea; hemen, berriz, hiru euro. Beraz, kalera askotan irtenez gero, aurrekontu ederra ateratzen da. Astean behin, ordea, irteten dugu. Kaleko giroa nahiko lasaia da, baina parrandarako aukera ere badago. Dena den, estoniarrak euskaldunak baino isilagoak dira, zarata gutxiago ateratzen dute. Hala ere, hemen dudan lagun taldeko gehienak Estoniatik kanpokoak dira; estoniar gutxi ezagutzen ditut.

Azpeititik zer sumatzen duzu faltan?

Jatekoa. Hemen oilaskoa eta txerria badituzte, baina behiekin ahaztu egin dira, ez dakit zer arrazoigatik ez dituzte hazten. Dendetan aurki daiteke txahal haragia, baina oso-oso garestia da, eta arraroa da topatzea. Gainontzean, etxean asko kozinatzen dut; Gasteizen ikasten aritu nintzen garaian erositako ontziteria guztia bidali zidaten gurasoek mezulari bidez. Ondo konpontzen naiz sukaldean.

Masterra bukatu ondoren, zer?

Aurten bukatuko dut masterra, ekainean edo uztailean. Gero, Estonian lana aurkitzen saiatuko naiz, eta bestela Europako beste herrialderen batera joko dut. Euskal Herrian nire sektorean ez dut uste oso ondo joango litzaidakeenik. Gasteizko enpresa batean egin nituen praktikak, baina han lanean zeuden askok Herberehetara, Frantziara... alde egiten zuten lanera. Beraz, itzultzeko perspektiba oso onik ez dut.

Ikasteaz gain, zaletasunik ba al duzu?

Saunarekiko zaletasuna piztu zait Estonian. Toki askotan daude saunak; saunan egon ondoren, izoztutako ibaian zulo bat egin eta han sartzen dira. Esaterako, Tartun sauna bat diskoteka baten ondoan dago. Lagun errusiar baten urtebetetze ospakizunean ezagutu nuen sauna hori; saunan egon eta gero, ibaian bainatu ginen, zero azpitik 20 gradu zirela. Udan hondartza gisa erabiltzen dute ibaiertza.