Urola Ikastola BHIko ikasleak Laponian izan dira, zinema oinarri duen proiektu bat garatzen

Ane Olaizola 2023ko api. 2a, 09:00
Urola Ikastola BHIko ikasleak, Laponian. (Urola Ikastola)

Erasmus+ programaren barruan, hamabost ikaslek hamar eguneko egonaldia egin dute Finlandiako Tornio hirian. Truke programa izanik, Aste Santuko oporren ostean hango ikasleak etorriko dira, eta Zestoan eta Azpeitian hartuko dute ostatu. 

Urola Ikastola BHIko 15 ikasle Finlandian izan dira martxoaren 14tik 24ra artean, Laponiako Tornio hirian. Erasmus+ programaren barruan egin dute egonaldia ikasleek, eta hango institutuan zinema oinarri duen proiektu bat garatzen aritu dira: Europe on the screen: eKIN. Cinema as a Driving Force for Social Change du izena proiektuak, eta zinemaren bitartez gizarteko arazoez hausnartzea du helburu egitasmoak. Azpeitiko Dinamoa ere proiektuaren partaidetako bat da.

Besteak beste, zine klub saioak egin, hizkuntza zinematografikoaren gaineko tailerrak jaso eta ikus-entzunezkoen ekoizpen guneak bisitatu dituzte Laponian, eta beren ikaskide finlandiarren etxeetan hartu dute ostatu. Hamar eguneko egonaldian, turismoa egiteko eta aisialdiaz gozatzeko tartea ere izan dute gazteek. 

Truke programa izanik, Aste Santuko oporren ostean Tornioko ikasleak etorriko dira, eta Zestoan eta Azpeitian hartuko dute ostatu.