Askotariko familiak eta belaunaldiak musikarekin batuko ditu Juan Antxietak bihar Sanagustinen

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 28a, 08:39

San Martin egoitzako egoiliar talde bat, musika eskolaren 2018ko ikasturte amaierako jaialdian. (Alberto Beloki / Kulturaz)

Azpeitiko musika eskolaren 40. urteurreneko ospakizunen eta Urdinduz egitasmoaren barruan, Kontzertua familian eskainiko dute bihar kulturgunean hainbat herritarrek. Udako oporren aurretik emateko beste hainbat ekitaldi berezi ere prest ditu herriko musika eskolak.

Kontzertu berezia entzuteko aukera izango da bihar arratsaldean Sanagustin kulturgunean. Juan Antxieta musika eskolak antolatuta, Kontzertua familian izeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, 19:00etan hasita.

Bere 40. urteurreneko ospakizunen eta Urdinduz egitasmoaren barruan antolatu du musika eskolak biharko saioa, eta eman dioten izena ez da kasualitatea. Izan ere, familia bereko adin eta belaunaldi ezberdinetako kidez osatutako taldeak igoko dira bihar Sanagustingo oholtzara: musika eskolako egungo ikasleak, ikasle ohiak, inoiz musika eskolan ibili gabekoak baina instrumenturen bat jotzen dutenak... Askotariko musikariena ez ezik, askotariko familia ereduen erakusgarri izateko ere prestatu dute kontzertua; horrela, lotura desberdinen bidez osatutako familiak elkartuko dituzte, eta Sanagustinen ariko dira, besteak beste, San Martin egoitzakoak eta Gautenako erabiltzaileak.

Urteurrena ospatzen

40. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dabil Juan Antxieta musika eskola urte hasieratik, eta biharkoaren ondotik ere hala jarraituko du. Izan ere, udako oporrak bitarteko ekitaldi berezien egutegia pronto dute.

Hain zuzen ere, bost hitzordu izango dituzte musika eskolakoek apiriletik ekainaren amaiera bitartean: Hazparnekoekin batera egingo duten emanaldia, Banda Gazteen topagunea, Dantzari Txiki Eguna, Tronboneitor izenekoa, eta ikasturte amaierako jaialdia. Hona hemen ekitaldion egutegia, xehetuta:

  • Apirilaren 22a, zapatua. Hazparnen (Lapurdi) emanaldia, hango musika eskolakoekin.
  • Apirilaren 23a, igandea. Banda Gazteen Topagunea. Getxoko (Bizkaia), Sakanako (Nafarroa), Legazpiko (Gipuzkoa), Errenteriako (Gipuzkoako) eta Azpeitiko banda gazteak Azpeitian elkartuko dira egun horretan, 11:15etik 14:00etara.
  • Maiatzaren 7a, igandea. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute, musika eskolak eta Luix Beltza Dantza Eskolak elkarrekin antolatuta. Bergarako (Gipuzkoa), Zumaiako eta Azkoitiko dantzariek Itsasikoekin eta Luix Beltzaren ikasleekin bat egingo dute egun horretan Azpeitiko kaleetan, 10:15etik 14:00etara.
  • Ekainaren 4a, igandea. Tronboneitor, Sanjuandegin, 10:00etatik 13:00etara.
  • Ekainaren 21a, asteazkena. Ikasturte amaierako jaialdia, Soreasu antzokian, 19:30ean.