Derbia, Donostiara

Andoni Elduaien 2023ko mar. 27a, 10:32
Ibon Guridi eta Xabi Oroz, saskiaren azpian. (Mikel 'Otola')

Gipuzkoako saskibaloi festan Guuk Gipuzkoa Basket gailendu zen, Juaristi ISB kinka larrian utziz. Domusa Teknik ISB taldeak ere galdu egin zuen Zizur Nagusian (Nafarroa) Oses Construcciones Ardoi taldearen aurka.

Asteburua beltza izan da Iraurgi Saski Baloia taldearentzat. Juaristi ISBk 77 eta 89 galdu zuen atzo, igandea, Guuk Gipuzkoa Basketen aurkako derbia Azpeitian. Domusa Teknik ISB taldeak, berriz, 74 eta 60 galdu zuen Oses Construcciones Ardoi taldearen aurka Zizur Nagusian (Nafarroa).

Intentsitate eta parekotasun handiz hasi zuten derbia atzo Juaristi ISBk eta Guuk Gipuzkoa Basketek Azpeitiko kiroldegian. Donostiarren taldean Justin Jaworski nabarmendu zen lehen minutuetan; hiru hiruko saskiratze jarraian lortu zituen estatubatuarrak, eta horrela lortu zuten donostiarrek markagailuan lehen tarte txikia irekitzea (14 eta 21). Laurdenaren amaierarako, ordea, bost puntura hurbildu zen Mikel Odriozolak zuzentzen duen ISB (18 eta 23).

Bigarren laurdena huts eta zortziko partzialarekin ireki zuten bisitariek, eta errenta hamahiru puntura handitu zuten hala donostiarrek (18-31). Bigarren laurdenean goitik behera nagusitu zen Donostiako taldea. Nahiz eta ISBk aldea sei puntura murriztu zuen, Gipuzkoa Basketeko Xabi Oroz azkoitiarraren minutu onek eta talde joko txukunak bikoiztu egin zuten berriz ere aldea. Bisitariak erabat urrundu ziren markagailuan atsedenaldiaren aurretik: Juaristi ISBk 37, Guuk Gipuzkoa Basketek 51.

Aldageletatik bueltan, etxekoak gogor saiatu ziren berriro lehian sartzen. Pixkanaka-pixkanaka, eta gorabehera handiekin, azken laurdenera bizi-bizirik iritsi ziren Odriozolarenak. Bitarte horretan, ordea, donostiarrek partidako abantaila handiena ere lortu zuten –hamazazpi puntugatik irabazten joan ziren bisitariak–. Lana gogor egin zuten ISBko gizonek, emaitza ona eskuratu zuten hirugarren laurdena ixteko; 63 eta 68 iritsi ziren azken laurdenera bi taldeak.

Guuk Gipuzkoa Basketek azken laurdenari ekin eta berehala uxatu zituen hirugarren laurdeneko zalantzak. Bisitarien lehen partzialaren ondoren, Juaristi ISBk erantzun zuen, eta lau puntura hurbildu zen. Donostiarrena izan zen hurrengo kolpea, ordea, eta hura itzulezina izan zen etxeko taldearentzat. Aurrena, bederatzi puntura urrundu ziren bisitariek lau minuturen faltan, eta gerora, hiruko marratik asmatuta ebatzi zuen lehia Guuk Gipuzkoa Basketek.

Khadim Sy izan zen atzo ISBko jokalari onena. Hamahiru puntu saskiratu eta hamabost puntuko balorazioa eskuratu zuen. Hurrengo lehia ostiralean jokatuko dute ISBko gizonek. Tau Castelloren aurka neurtuko ditu indarrak Odriozolaren taldeak, Castelloko (Herrialde Katalanak) Muni Ciutat Castello pabilioian (21:00). 25. jardunaldiaren ondoren, Juaristi ISBk bi garaipenera du jaitsiera postuetatik kanpoko langa.

Emakumeen porrota

Domusa Teknik ISB taldeak 74 eta 60 galdu zuen larunbat arratsaldean Oses Construcciones Ardoi taldearen aurka Zizur Nagusian (Nafarroa) jokatutako derbia. Bi taldeek lasai ekin zioten lehiari, eraso luzeak jokatuz, bai baitzekiten partida garrantzitsua zutela aurretik. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, etxekoek beraien erritmoa ezarri zuten, eta zuloa ireki zuten markagailuan. Hala, atsedenaldira bost puntu atzetik iritsi zen Joseba Lizarralde entrenatzailek zuzentzen duen taldea.

Bigarren laurdena faltek markatu zuten, bi taldeak segituan sartu baitziren bonusean. Dena den, nafarrek ondo hasi zuten laurdena, hiruko lerrotik asko asmatu baitzuten. ISBk errebote osteko jokoa baliatu zuen aldea murrizteko; saskiratze gehienak, gainera, bigarren aukeran lortu zituen ISBk bigarren zatian. Bizi aritu ziren erasoan azken laurdenean Lizarralderenak, baina, ez ziren neurketa parekatzeko gai izan.

Intza Lizarazu izan zen taldeko jokalari onena; hamahiru puntu saskiratu zituen azkoitiarrak hamasei puntuko balorazioa eskuratzeko. Bederatzi garaipenekin, jaitsiera postuetatik kanpo dago egun Domusa Teknik ISB. Datorren larunbatean, apirilak 1, Baxi Ferrol liderraren aurka neurtuko ditu indarrak ISBk, Azkoitian (17:00).