Igarako errotaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 26a, 13:43

Jende ugari animatu da gaur Igarako errota ezagutzeko egin dituzten bisita gidatuetara. Ekoetxeako kideek Uraren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dituzte ate irekien saioak, eta bertaratu direnek errotaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan dute. Hain zuzen, errekako uraren indarra baliatuz arto irina nola ehotzen den ikasi dute. 

Ekoetxeak antolatuta, Loiolako Igarako errota ezagutzeko aukera izan dute herritarrek asteburuan zehar. Atzo, larunbatez, nahiz gaur, igandez, bina bisita gidatu eskaini dituzte Igarako errotaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko. Gaur goizean jende ugari bertaratu da ate irekien saioetara. Aurrena 11:00etan egin dute eta 12:00etan bigarrena. Adin guztietako herritarrek parte hartu dute bisita gidatuetan, eta horiek guztiek XVIII. mendeko ur errotaren funtzionamendua ezagutzeko parada izan dute. Hain zuzen, errekako uraren indarra baliatuz arto irina nola ehotzen den ikasi dute. Ikusmin handia sortu du hitzorduak.

Urtero bezala, Uraren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dituzte bisita gidatuak.